Eskaintza zabala aurkeztu dute Aitzol eta AEK euskaltegiek

Jon Miranda Labaien 2020ko ira. 2a, 14:59
Argazkia: Olatz Lasa / Aiurri

2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpaina elkarrekin aurkeztu dute bi euskaltegiek, eskualdeko elkarte, udal eta erakundeen babesarekin

Ahalik eta eskaintza erakargarriena egin nahi diete Tolosaldeko herritarrei Aitzol udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k 2020-2021 ikasturtean, «zailtasunak zailtasun». COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean ezohiko ikasturtea izango dela azpimarratu du Jone Tolosa, Tolosaldeko AEK-ko zuzendariak: «Ezin dugu egoera honetan euskara ikastea bigarren mailan utzi, egoera dena delakoa izanda ere, herritarrek euskara ikasteko eskubidea dute».

2020-2021 ikasturtean euskara ikastea segurua izan dadin, euskaltegiek beharrezko babes neurriak hartuko dituzte eskolak espazio seguruak izan daitezen. «Ziurgabetasun eta zalantza ugariz dator ikasturtea, ezohiko ikasturtea izango dela aurreikusten dugu euskaltegiok ere, eta ondorioz, eskoletan egoteko eta euskara ikasteko modu berrietara egokitu beharko dugu, bai ikasleok, bai irakasleok ere», esan du Tolosak.

Urteetan zehar egindako lanari esker, gero eta zabalagoa da eskualdean euskara ikasi edota praktikatzeko aukera, eta eskaintza horren berri eman dute euskaltegiek. Maixabel Zubillaga, Aitzol udal euskaltegiko zuzendariak eskertu egin du matrikulazio kanpaina aurkezteko agerraldian hainbat eragileren presentzia, «oso garrantzitsua da helduen euskalduntze eta alfabetatzeak eskualdeko elkarte, udal, ikastetxe eta erakundeen babesa izatea». Hain zuzen, eskualdeko euskaltegiek, udalek, Uemak eta Galtzaundik euskaltegietara gerturatzera animatu nahi dituzte herritarrak. «Beldurrik gabe datozela euskara ikastera. Dela oinarrizko maila lortzera, dela azterketa ofizialak prestatzera, alfabetatzera... Irailean denok euskaltegietara: galdetu, informatu eta animatu», aipatu du agerraldian Zubillagak.

Askotariko eskaintza

Aitzol udal euskaltegiak Tolosako euskaltegian ez ezik, eskualdeko zenbait herri txiki eta auzotan ere izan ditu taldeak, hala nola, Amarotz auzoan, Amezketan, Asteasun eta Larraulen. Aurten ere talde horiek jarraipena izatea espero dutela adierazi du Zubillagak. «Kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek edota merkataritzako langileek eman dezakete izena. Aurreko urteetan Asuncion Klinikako langileak, Osakidetzakoak, Uliazpikoak edota epaitegikoak aritu dira udal euskaltegian».

Aitzolek 10 ordu, 6 ordu eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak eskaintzen ditu goizean goiz hasi eta iluntzera arte eta aurrez aurrekoez gain, autoikaskuntza egiteko aukera ere badute.

Tolosaldeko AEK-n ere maila guztiak eskaintzen dituzte eta goizeko, eguerdiko, arratsaldeko eta iluntzeko taldeak osatuko dituzte, eskolak astean bi, hiru edo lau egunetan emanez. Aurrez aurreko eskolak C1 mailara arte eskainiko dira eta C2 maila online egiteko aukera izango da. Hala ere, autoikaskuntzarako aukera izango dute ikasleek. «Azken aukera hau egokia da aurrez aurreko eskoletara joan ezin dutenentzat edo ordutegi malguagoa izan nahi dutenentzat; aurrez aurreko tutoretza irakaslearekin egiten da eta lanak etxean», azaldu du Tolosak.

AEK-k eskaintzen dituen guraso taldeetan jarri du arreta zuzendariak: «Eskoletara joan ezean zenbait haurrek euskararekin duten harremana galtzen dutela erakutsi du konfinamenduak». Umeak eskolan dauden ordutegietan izaten dira saioak gurasoentzat, herriko lokaletan edota ikastetxean bertan.

Aitzol udal euskaltegia

Datak. Irailaren 1etik 22ra,  09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. 
Herrietan. Amezketa, Asteasu eta Larraulgoek herrian bertan ikasi nahi badute, irailaren 1etik 17ra eman beharko dute izena bertako udaletxeetan.
Informazio gehiago.  aitzolue@tolosa.eus edota 943 65 10 06.

AEK

Datak. Irailaren 1etik 25era Andoaingo euskaltegian.
Herrietan. Zizurkil eta Villabonan, Anoetan eta Iruran, Alegian, Ikaztegietan, Altzon eta Lizartzan, irailaren 1etik 17ra egingo da matrikulazioa, herri horietako udaletxeetan. 
Informazio gehiago. www.aek.eus helbidean, andoain@aek.eus edota 943 59 17 04. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!