Ohikotik gutxi

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ira. 1a, 07:50

Migel Joakin Eleizegiren hezurrak aurkitu dituzte Altzoko hilerrian.

Uztaileko azken astetik irailera bitartean Covid-19ak izan du eraginik eskualdean. Ez da ohiko uda izan, besteak beste, ospatu beharreko herriko festa gehienak ez direlako izan.

Ez da ohiko uda izan aurtengoa. Beroa bai, tenperaturaren aldetik, baina ia festarik gabekoa izan da. Herri gutxi batzuetan antolatu dituzte festen ordezko izan diren kultur ekitaldiak, eta antolatutako horiek segurtasun neurri guztiak betez ospatu dituzte. Euri zaparradak ere bota ditu abuztuan, eta euri tanten moduan, tantaz tanta, iritsi dira albisteak ere. Tartean, urteetako ustea bertan behera erori da Altzon. Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-ren hezurrak Altzoko hilerrian aurkitu baititu Aranzadi Zientzia Elkarteak.

Gozo hasi zuen uda Rafa Gorrotxategik. Tolosar gozogileak, ametsak egi bihurtuz, Tolosaren eta Euskal Herriaren historiaren zati den Txokolatearen Museoa ireki du Tolosako Usabal industrialdeko 14. zenbakian. Ilusioz eginiko familiaren zati bat ikusgai jarri nahi izan du, museo bilakatuz. «Kakaoa eta txokolatea oso garrantzitsuak izan dira Euskal Herriaren hazkundean eta garapenean», eta historia hori ezagutzera ematea du helburu Rafa Gorrotxategik museoarekin.

Abaltzisketan ere abuztuari ongietorri berezia eman zioten, Ñañarri jatetxearen inaugurazioarekin. Urteetako nahia errealitate egin du Abaltzisketako Udalak, obrak amaitu, eta elkartzeko gune berri bat irekiz Larraitzen. Alkizan ere uztaila amaieran izan zuten inaugurazioa. Alkizako Kabia gunea ireki zuten, «herritarrentzako eta bisitarientzako harrera gunea», horrela definitu zuen Edurne Ayuso Alkizako Kultur eta Turismo teknikariak. Herriko artisten obrak daude ikusgai zein salgai. Hainbat funtzio beteko ditu tokiak, besteak beste, bisita gidatuentzako abiapuntua izango da, hilean behin, eta bertan kultur ekintzak antolatzeko asmoa dute.

Tolosarrei abuztuak aisiarako toki berri bat eskaini die: Elosegi parkea. Herritar guztientzat irekita egon da. Tolosako Udalak, gaur egungo egoerak aisialdirako aukerak baldintzatu dituenez, herriko beste gune batzuekin egin duen moduan, Elosegi parkea ere herritarrek aisialdirako edo lasai egoteko erabil dezaten egokituta jarri du.

HEZURRAK ALTZON

Aurkitu dituzte Migel Joakin Eleizegiren hezurrak. Aranzadi Zientzia Elkarteak Altzoko Handia-ren hezurrak topatu ditu Altzoko hilerrian. Hasiera batean, Eleizegiren hilobian aritu ziren bila. Bertan, ordea, ez zuten aparteko aztarnarik topatu eta hezurtegian bilatzea erabaki zuten. Abuztuaren 14ko arratsaldean hezurtegian topatu zuten lehen hezurra: 64 zentimetro inguru neurtzen duen femurra. Gerora, beste hainbat ere topatu zituzten, besteak beste, baraila, beste femurra, bizkarreko hainbat orno, klabikulak eta pelbisa.

Pako Etxeberriak, proiektuaren zuzendarikideak, hezur guztiak topatzea «ezinezkoa» izango zela azaldu zuen, baina hezurdura «ahalik eta osatuena» lortzen saiatu dira.

KILOMETROAK BERTAN BEHERA

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastola mimo handiz aritu da urte osoan ekimen ezberdinak prestatzen, baina urrian egitekoa zen Kilometroak jaia ez dute egingo.

Korri, punpa, ttak lelopean egitekoa zuten festa, baina azken aste eta egunetako egoerak Kilometroak jaiaren antolatzaileak hausnartzera eraman ditu, eta abuztuaren 20an iragarri zuten Kilometroak festa ez dela egingo. Zubimusu ikastolako antolatzaileek «egitarau xumeago bat prestatzeari» ekingo diotela aurreratu dute, ordea. Mezu argia dute: «Herritarrei, eskualdeko biztanleei zein gipuzkoar guztiei eskatu nahi dizuegu dagoeneko martxan ditugun egitasmoetan parte hartzeko»

POLITIKAN ETENIK EZ

Bakartxo Tejeria aukeratu zuten abuztuaren 3an, hirugarren aldiz jarraian, Eusko Legebiltzarreko presidente. Gehiengo osoa lortu zuen EAJren 31 legebiltzarkideen eta PSE-EEren 10 legebiltzarkideen aldeko botoekin. EAJko Gipuzkoako zerrendaburua izan zen Tejeria. Larraulgoa jaiotzez, egun Donostian bizi da. 2001. urteaz geroztik da legebiltzarkidea, eta azken bi legegintzaldietan Eusko Legebiltzarreko presidentea izan da.

Bestalde, udalen finantzaketa defendatzeko eskatu zuten abuztuaren erdian, EH Bilduko alkateek. Pandemiak agerian utzi duela uste dute udalen garrantzia eta eraginkortasun politikoa. Tokiko erakundeek baliabideak ere behar dituztela autonomiaz gain eskatu zuten. «Udalek finantzaketa sendoa eta inbertitzeko malgutasuna izatea ezinbestekoa izango da datozen hilabeteetan eta urteetan».

EKIN-ENEA, OINARRIZKO BEHARRETARA ZUZENDUTA

Oinarrizko beharrak asetzeko bizilekurik gabe dauden pertsonentzako egokitu dute Ekin-Enea etxea. Proiektu pilotu moduan aurkeztu du Tolosako Udalak, eta eskualdeko izaera izango duen zerbitzuak 17 plaza izango ditu. Abenduaren 31 bitartean eskainiko da zerbitzua. Peñaskal kooperatiba arduratuko da proiektua aurrera eramateaz eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak finantzatuko dute zerbitzu berria.

Covid-19ak eragin zuzena izan du arlo ekonomikoan, baina baita sozialean ere. Tolosako Udalak gizarte beharrak nabarmen areagotu direla adierazi du, eta hori dela eta, hasiera-hasieratik, herritarren gizarte babesa eta ongizatea bermatzea lehenetsi duela azpimarratu dute. Ildo horretatik, udal gizarte zerbitzuak indartu ditu: «Gizarte beharretara bideratutako aurrekontua handitu eta hainbat neurri hartu dira zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko asmoz».

1915EKO ARGAZKIA

Baliarraingo Udalak eskatuta margotu da 1915. urteko herriko argazkia pilotalekuaren atzealdeko paretetako batean. Iazko urte amaieran herrian eginiko parte hartze prozesuan ateratako eskariari tiraka hartu du gorputza muralak, egun gutxitan. Aitor eta Nextor Otaño aita-semeak dira, Nexgraff sinaduraren atzean daudenak. Zuri-beltzeko argazkia da kolore biziz margotu dutena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!