Koronabirusa

36 positibo berri azken asteburuan

Ataria 2020ko abuztuaren 31

Azken hiru egunetan COVID-19an positibo eman duen herritar kopuruaren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Tolosaldeari dagokionez, kasuek behera egin dute, baina kontuan izan behar da asteburuan astean zehar baino PCR proba gutxiago egiten direla.

Ostiralean egindako probetan 15 kasu berri atzeman zituzten; 9 Tolosan, 2 Amezketan, eta Asteasun, Ibarran, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen bana. Larunbatekoetan, berriz, 14; Amasa-Villabonan 4, Tolosan 3, Asteasun 2, eta Adunan, Alkizan, Ibarran, Iruran eta Zizurkilen bana. Azkenik, atzo proba egin zuten eskualdeko herritarren artean 7 positibo berri atzeman dituzte. Tolosan 4, Asteasun 2 eta Amezketan 1.

EAEri dagokionez, 866 positibo berri atzeman zituzten ostiraleko probetan, larunbatekoetan 673, eta atzo egindakoetan 409. Azken asteetako joerari jarraituz, igandeko datuetan beherakada bat nabari da. Hala ere, kontuan izan behar da PCR proba gutxiago egiten direla. Larunbateko datuen aldean, erdira jaitsi dira kasuak; egin diren PCR proba kopurua ere ia erdia izan da: 4.060 gutxiago.

Igandean egindako frogei erreparatuz, herrialdeka, Bizkaian izan dira kasu gehien beste behin: 225 positiboren berri eman dute. Gipuzkoan, 132 kasu izan dira, eta Araban azken egunetako zifrarik apalena izan da: 42 kasu. Bestalde, erkidegotik kanpo hamaika kasu detektatu ditu Jaurlaritzak.

Azken orduetan, 22 gaixo berri sartu dira erietxeetara; azken astean, 30en langa gainditu da egunero. Halaber, ia 300 pertsona (295) daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan gaitzaren eraginez; horietatik 35 Zainketa Intentsiboetarako Unitateetan.

Azken positibo berrien ondorioz, Oinarrizko Birsorkuntza Tasa (RO) 1,08an kokatu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!