Mugikortasun iraunkorra gaitzat hartuta antolatu dute argazki lehiaketa

Targazki, Tolosaldeko Argazkilari Taldeak eta Tolosaldea Garatzenek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatu duten argazki lehiaketa da. Mugikortasun iraunkorra da lehiaketako gaia, eta argazkiak aurkezteko epea irailaren 13an bukatzen da. Gazteentzat eta helduentzat sariak izango dira.

Mugikortasun Iraunkorra Argazki Lehiaketa antolatu dute Targazki taldeak eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziak, aldundiaren babesarekin. Tolosaldean bizi diren guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, Targazki elkarteko kideek izan ezik.

Aipatu moduan, lehiaketaren gaia mugikortasun iraunkorra da, eta edozein motatako argazki-teknika onartzen da. Hori bai, egileak irudia osorik lortua behar du izan, hau da, ezin du elementurik sartu argazkian.

Parte hartzea doakoa da, eta parte hartu nahi duenak irailaren 13a izango du argazkiak bidaltzeko azken eguna. Antolatzaileek argitu dutenez, argazkiak internet bidez bakarrik bidali ahal izango dira, targazki.fotogenius.es helbide elektronikora.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta aurkeztutako argazkiek ezingo dute inolako identifikaziorik edo ur-markarik eraman. Argazkiak JPG formatuan, 10. konpresioan eta gehienez 4000 pixeleko tamainan aurkeztu beharko dira alderik luzeenean. Fitxategien gehienezko pisua, berriz, 5 megakoa izango da.

Gazte eta helduentzat, sariak

Kategoria orokorreko sarien artean, lehen saria eskuratzen duenak, argazki denda batean gastatzeko 300 euroko opari txartela eta oroigarria jasoko ditu. Bigarren postuan gelditzen denak, argazki denda batean gastatzeko 100 euroko opari txartela eta oroigarria; eta hirugarren sailkatuarentzat, argazki denda batean gastatzeko 100 euroko opari txartela eta oroigarria izango dira. 

Gazteen kategoriako sarien artean, 8 urtetik 16 urtera bitarteko gazteen argazkiak hartuko dituzte kontuan. Lehen postu lortzen duenak argazki denda batean gastatzeko 100 euroko opari txartela eta oroigarria izango ditu saritzat. Bigarren eta hirugarren sailkatuek oroigarri bana jasoko dute.

Epaimahaia Targazki elkarteko hiru kidek osatuko dute. Epaia apelaezina izango dela gogorarazi dute, eta emaitza posta elektronikoz jakinaraziko dute, webgunean argitaratzeaz gain. Epaimahaiaren erabakia irailaren 15ean hartuko da, eta hurrengo egunean emango dute ezagutzera. Aldiz, sari banaketa irailaren 19an egitea aurreikusia dute. Aldez aurretik jakinarazi dute,  "bai datak, bai sariak banatzeko ekitaldiak, eta abar, unean uneko COVID-19ren ondoriozko egoeraren arabera alda daitezke".

Sari banaketa non egingo den Targazki elkartearen webgunean jakinaraziko da, eta ezinbestekoa izango da saridunak edo pertsona baimendun bat bertaratzea horiek jasotzera.

Argazki lehiaketaz gain, erakusketa bat egingo dute hobekien baloratutako argazkiekin, baina oraindik zehaztu gabe dituzte lekua eta egunak

Informazio gehiago nahi duenak eskuragarri izango du: targazki@gmail.com; targazki.com edo www.tolosaldeagaratzen.eus.

Lehiaketan parte hartu nahi duenak gogoan izan beharreko hainbat puntu zehaztu dituzte:

  • Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarriak erabat onartzea dakar.

  • Bertan azaltzen ez den edozein gorabehera erakundeak konponduko du.

  • Aurkeztutako lan guztiak egilearen jabetza absolutuan geratuko dira, eta antolakuntzak argitaratzeko (liburuxkak, publizitatea, sare sozialak, lehiaketaren webgunea, etab.) edo merkataritza-izaerarik gabeko erakusketarako eskubidea izango du, betiere egilearen izena aipatuta.

  • Erakusketan fisikoki erakutsitako argazkiak elkarte antolatzailearen jabetzakoak izango dira, eta etorkizunean elkarte antolatzaileak erabili ahal izango ditu, betiere irabazi-asmorik gabe eta egilearen izenarekin batera.

  • Antolakuntzak eskubidea izango du indarrean dagoen legediaren aurkako argazkiak lehiaketatik kanpo uzteko.

  • Emandako datuak era konfidentzialean tratatuko dira.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!