Koronabirusa

Hasi dira egoitzetako adinekoak kalera ateratzen

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 12a, 16:03

Artxiboko irudia. Konfinamendu garaian Santiago egoitzako adinekoak.

Atzotik adinekoen egoitzetako erabiltzaileak kalera atera daitezke, eta alde batetik "gustura eta pozik" daude, baina beste aldetik, "beldurrez eta susto handiarekin" hartu dute erabakia eskualdeko egoitzetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, atzotik, adinekoen egoitzetako erabiltzaileak kanpora ateratzeko baimena emana du. Paseoak egin ahal izango dituzte "prebentzio eta higiene neurri guztiak zorrotz beteta", eta une oro "espazio jendetsu edo itxiak" saihestu beharko dituzte adinekoek.

Esaterako, Amasa-Villabonako Santiago egoitzan "beldurrez eta susto handiarekin" hartu dutela erabakia azaldu dute. Atzotik atera daitezke kalera bertan bizi diren adinekoak, eta egoitzak antolatu ditu ordutegi eta egunak.

Kezka dute erabakiarekin, eta gizartearen aldetik "solidaritate gutxi" ikusten dutela diote. "Maskararengatik kexa asko entzuten ditugu, baina guztiok behartuta gaude erabiltzera", diote. Senide edota kaleko jende askoren aldetik maskararen erabilera desegokia ikusten dute. "Esan eta esan ari gara mesedez maskara beti jarrita izateko, eta distantziak mantentzeko, baina askotan kaleko jendea adinekoei kasu eginez ukitzera joaten da", salatzen dute.

Egoitzetan kutsaturik bada, "begi guztiak langileetan" jartzen dituztela argitu dute Santiago egoitzatik, baina senide, lagun eta gertukoek ere kontuz ibili behar dutela gogorarazi dute, "beraiek izan daitezkeelako birusaren kutsatzaileak".  

Tolosako Iurreamendi egoitzan, aldiz, "gustura eta pozik" ikusten dituzte adinekoak eta senideak. Dagoeneko atzotik hasita daude kanpora ateratzen. Senideek deitu egin behar dute lehenik eta behin, eta gero protokolo oso bat dute betetzeko. Bai irten aurretik, eta bai sartzerakoan ere. "Etortzen diren bakoitzean erregistro bat bete dugu. Tenperatura hartu, eskuak garbitu... Eta etortzen direnean ere alderantziz. Tenperatura hartu eta eskuak garbitu. Eta muletaren bat edo aulkia eraman badute, hori ere garbitu egin behar dugu", azaldu dute. 

Foru aldundiak, Osasun Sailari kontsulta egin ondoren hartu du erabakia, eta bere gomendioei jarraituz, erabiltzaileek gehienez ere ordu eta erdiko paseoak eman ahal izango dituzte, "beti ere FFP2 maskara jantzita eta aire zabaleko guneetan eta zentrotik hurbil" egonez. Ibilaldiek, izaera terapeutikoa izango dutela adierazi dute, eta adinekoek "bakarrik edo profesionalek edo hurbilekoek lagunduta" irten ahalko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!