Hilaren 23a bitarte iraungo duten lanak hasi dituzte

Ataria 2020ko abuztuaren 10a

Larunbatean itxi zuten Irura eta Amasa-Villabona arteko N-1 errepide zatia, Irunerako noranzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundia zoruaren egitura berregiteko eta birgaitzeko lanak egiten ari da.

Larunbatean hasi zituzten obrak N-1 errepidean Irura eta Amasa-Villabona artean, eta hilaren 23a bitarte luzatuko dira. Lanek irauten duten bitartean errepidea itxita egongo da Gasteiz-Irun noranzkoan. Bertatik pasa ahal izateko bypass bat jarri dute, 2,74 kilometroko zati batean. Egungo zorua erabat ordezkatuko dute lan hauekin, "asteburu batean ezin da egin, eta horregatik urtean trafiko gutxien dagoen bi asteetan egingo da", adierazi dute foru aldunditik. 1,67 kilometroko zatia da konpontzen ari direna.

Lan hauen ondorioz, 3,5 tona baino gehiagoko masa duten ibilgailuek debekatuta dute Andoain eta Beasain artean zirkulatzea 08:00etatik 20:00etara; jatorria edo helmuga bertan badituzte salbu. Debekua zirkulazioaren bi noranzkoetan egongo da. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak gomendatzen dituen ordezko ibilbideak

Nafarroatik Gipuzkoara doazen ibilbide luzeko ibilgailuen kasuan, A-15 autobidea (Nafarroa-Gipuzkoa) gomendatzen dute, Irurtzundik Andoainera.

Gipuzkoatik Nafarroara doazen ibilbide luzeko ibilgailuei dagokienez, debekua dela-eta, N-1 errepideko erabiltzaileek A-15 autobiatik jarraitu beharko dute Andoaindik Irurtzunera. 

Goierriko eskualdetik datozen erabiltzaileei, berriz, Olaberriako lotunetik A-636 autobiara (Beasain-Durango) sartzea gomendatzen die, eta AP-1 eta AP-8 autobideak erabiltzea haien helmugetara iristeko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!