Denek ezin irabazi

Tolosaldeko Ataria 2020ko abu. 8a, 12:30

Atzo jokatu zituzten partidak Masters CaixaBank Txapelketa jokatzen ari diren eskualdeko hiru pilotariek. Artolak eta Jakak Zizurkilen jokatu zuten elkarren aurka, eta alegiarrak eskuratu zuen garaipena. Altuna III.ak ere partida irabazita egin zuen etxerako bidea.

Atzo egun berezia izan zuten Zizurkilen. Lehen aldiz, pilotari profesionalen partidak jokatu ziren Intxaur frontoian.

Lehen partidan Erasun herritarra eta Peña II.a tolosarra jokatzekoak ziren hasiera batean, baina azkenean, Bakaikoa eta Ibai Zabalak jokatu zuten partida Dario eta Garmendiaren aurka. 22 eta 15 amaitu zen partida, Dariok eta Garmendiak eskuratu zuten garaipena. 

Ostean etorri zen txapelketako partida. Jaka eta Albisuk, Artola eta Rezusta izan zituzten aurrean. Partida parekatuta hasi zen. Bina eta launa berdindu zuten, baina behin hortik aurrera urdinek hartu zuten aurrerako bidea. Lehen atsedenaldira 12-7ko emaitzarekin iritsi ziren. 10-13 gerturatu ziren Jaka eta Albisu, baina azkenean 14-22 bukatu zen partida, Artola eta Rezustak beste garaipen bat poltsikoratuta. Sailkapeneko lehen postuan dago alegiarra, Rezusta lagun duela.

Sailkapeneko bigarren bikotea da Altuna III.ak eta Imazek osatua. Hauek ere, atzo jokatu zuten partida, Zestoan, Bengoetxea VI.a eta Martijaren aurka. 22 eta 16 irabazi zuten partida amezketarrak eta oiartzuarrak. Hauek gainera, ligako sailkapeneko beste partida jokatu beharko dute, bihar, Oiartzunen. Kasu honetan, Ezkurdia eta Aranguren izango dituzte aurkari.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!