N-1 errepidean obrak egingo dituzte Irura eta Villabona parean

Ataria 2020ko abuztuaren 5a

Datorren larunbatean (abuztuak 8) hasiko dira lanak eta abuztuaren 23ra arte iraungo dute. Egun horietan 3,5 tona baino gehiagoko masa duten ibilgailuek debekatuta edukiko dute bertatik igarotzea goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak zoruaren egitura berregiteko eta birgaitzeko lanak egingo ditu N-1 errepidean, Irura eta Villabona parean. Obrak egin bitartean galtzada itxita egongo da Gasteiz-Irun noranzkoan. Bertatik pasa ahal izateko "bypass" bat jarriko dute Irun-Gasteiz noranzko galtzadan. Lanak datorren larunbatetik (abuztuak 8) abuztuaren 23ra arte izango dira. 

Mozketak

Obren eraginez Villabona hegoaldeko lotunean moztuta egongo dira N-1 errepiderako sarrera eta irteerako bide-adarrak Gasteiz-Irun noranzkoan. Moztuta egongo da, baita ere, N-1 errepidetik Repsol zerbitzugunera doan sarrera (Gasteiz-Irun noranzkoan). Norabide horretan doazen eta zerbitzugunea erabili nahi duten ibilgailuek Irurako Laskibar auzoko zerbitzu bidea erabili beharko dute. 

Debekuak

Horrez gain, abuztuaren 8tik 23ra (biak barne), 3,5 tona baino gehiagoko masa duten ibilgailuek debekatuta izango dute Andoain eta Beasain artean zirkulatzea 8:00etatik 20:00etara; jatorria edo helmuga bertan badituzte salbu. Debekua zirkulazioaren bi noranzkoetan egongo da. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak gomendatzen dituen ordezko ibilbideak

Nafarroatik Gipuzkoara doazen ibilbide luzeko ibilgailuen kasuan, A-15 autobidea (Nafarroa-Gipuzkoa) gomendatzen dute, Irurtzundik Andoainera.

Gipuzkoatik Nafarroara doazen ibilbide luzeko ibilgailuei dagokienez, debekua dela-eta, N-1 errepideko erabiltzaileek A-15 autobiatik jarraitu beharko dute Andoaindik Irurtzunera. 

Goierriko eskualdetik datozen erabiltzaileei, berriz, Olaberriako lotunetik A-636 autobiara (Beasain-Durango) sartzea gomendatzen die, eta AP-1 eta AP-8 autobideak erabiltzea haien helmugetara iristeko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!