"Aurtengo Burgosko itzulia onenetako bat izan da"

Aitor Arroyo Askarai 2020ko abu. 4a, 20:00

Joan den astean jokatu zen Burgosko itzulia, uztailaren 28tik abuztuaren 1era. Sailkapen orokorrean bosgarren postua lortu du Caja Rural taldeak. Beraiekin aritu da Jon Irisarri leaburuarra.

Bosgarren postua lortu duzue. Nola ikusi duzu taldea?

Orokorrean, nahiko ondo. Maila profesionaleko talde askok hartu dute parte aurten eta bosgarren postu hori lortu izana oso garrantzitsua da. Taldea indartsu dagoela erakusten du horrek. Maila handiko talde zein txirrindularien aurka aritu gara, eta poztekoa da emaitza hori lortu izana.

Gazteen sailkapenean 21. onena izan zara. Gustura geratu zara?

Karrera honetan taldekideentzat lan egitea egokitzen zitzaidan. Horregatik, nik ez dut aurrean posturen bat lortzeko aukerarik eduki. Baina taldean egindako ekarpenarekin oso gustura eta pozik geratu naiz. Behin talde lana eginda etapa amaieretan estutzen ere aritu naiz, puntu gehiago lortzeko; orokorrean lan ona egin dugula uste dut.

Nola erantzun dizu gorputzak lasterketan?

Ondo. Aurretik entrenamendu handia eginda iritsi naiz. Kontuan hartu behar da karrera honetan maila profesionaleko talde asko egon direla, eta haien aurka lehiatzea ezberdina da; maila altua dute. Baina indarra eduki dut taldea lasterketa buruan eramateko. Bero handia egin digu, baina hori ere uste baino hobeto eraman dut. Gorputzak ongi erantzun dit. 

Zein balorazio egingo zenuke?

Lasterketan emandakoarekin oso pozik geratu naiz. Nik neuk ez dut postu onik lortu, baina taldekideei lagundu diet postu on horiek lortzen. Taldeak ere bere helburu gehienak bete dituela esango nuke. Ez dugu irabazi, baina aurten garaipena lortzea zaila izango zela aurreikusten genuen. Taldea pozik geratu da emaitzarekin, eta ni ere bai. Aurtengo Burgosko itzulia onenetakoa izan dela esango nuke. 

Aurrera begira, zein aurreikuspen dituzu?

Aurten lasterketa gutxi egongo dira, koronabirusa dela eta... Tartean agian karreraren bat egiteko aukera izango dut, baina hurrengoa Espainiako txapelketa izango da. Aurtengoa gogorra izango dela iruditzen zait, bero handia egingo du eta kilometro asko edukiko dituzte etapek. Gainera, maila altuko jendea izango da bertan ere: Alejandro Valverde, Luis Leon Sanchez, Izagirre anaiak... Gogorra izango da, baina gogoz nago. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!