Muturreko tenperatura beroengatik alerta laranja ezarri dute

Ataria 2020ko uztailaren 30a

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaurko tenperatura oso altuengatik. Eskualdeko herri batzuetan 40 gradu inguruko tenperatura aurreikusten da.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Afrika iparraldetik iritsiko den aire beroak eragingo du tenperatura altua izatea. Tenperatura, bereziki maximoak, 35-40 gradukoak izango dira, eta Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du 12:00etatik 21:00etara bitartean. Gainera, hegoaldeko haizearen intentsitateak eragotzi egingo du brisa sartzea.

Arratsalde-gauean metatutako beroaren ondorioz, bero-hodeiak eratu daitezke, eta ekaitz-zaparradak bota ditzake han-hemenka.

Beroari aurre egiteko jarraitu beharreko hainbat aholku ere eman dituzte.

Hasteko, likido asko edateko azpimarratu dute, batez ere ura, deshidratazio-arriskurik ez izateko; ez itxaron egarria izan arte. Arreta berezia jarri haur txikiekin, adinekoekin eta beroak eta deshidratazioak areagotu ditzakeen gaixotasunak dituzten pertsonekin. Arropa eta oinetako erosoak janzteak ere laguntzen du.

Bestetik, eguneko ordurik beroenetan ariketa fisikoa ez egitea gomendatzen da eta ahal den neurrian kalera ateratzea ere ekidin beharko litzateke. Barruko eremuak ahalik eta freskoen mantentzeko itxi leihoak eta jaitsi pertsianak.

Ostiraleko iragarpenaren arabera, giro beroa izango da, baina tenperatura maximoak 33-35 gradu inguruan geratuko dira. Honenbestez abisu horia aktibatu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!