Gehigarria: etxebizitza

Herrigune atseginagoak eraikitzeko

Ataria 2020ko uzt. 29a, 11:57

Etorkizuneko hiri eta herriguneak amesteko garaia da. Orain arteko eraikitzeko moduak alde batera utzi, eta herrigune atseginagoak eraikitzeko beharraz hitz egiten da. Bide horretan, urbanismo jasangarrian jarri dute askok, jomuga.

Urbanismo jasangarriaren ezaugarrietako batzuk 2010. urtean ezarri ziren, Friburgoko Gutuna delakoan. Gutun horren arabera garapen jasangarri bat lortzeko gutxieneko batzuk bete beharko lituzke urbanismo atseginago batek.

Herriguneetan bizi diren pertsonen arteko harremana sustatu beharko litzateke, euren identitatea mantenduz, baina bakoitzaren ezaugarriak eta kultura aniztasuna baztertu gabe. Garraio publikoaren erabilera sustatzeaz ere hitz egiten du, eta baita baliabideen erabilera zentzuzkoaz, eta zentzu horretan herriguneen dentsitatean jartzen du azpimarra. Herriguneek berdeguneak behar dituztela dio, bizilagunen bizi kalitatea bermatzeko ezinbestekoak direla argudiatuz. Gizarte kohesioa eta herritarren arteko harremanak sustatzearen garrantzia nabarmentzen du, eta baita sektore publiko eta pribatuen eta komunitatearen arteko harremanak sendotzeaz ere.

Ingurune jasangarriagoak egiteko lana hasi besterik ez da egin, eta bide horretan agintarien eta herritarren arteko aliantzak ezinbestekoak dira. Bide horretan mugikortasun jasangarrian eman dira aurrerapauso gehien. Pertsona bakoitzak egiten dituen hautuak garrantzitsuak dira, lanera bizikletan joan ahal da edota erosketak egitera oinez joan, baina ez da nahikoa. Agintarien apustuak ezinbestekoak dira. Hiri eta herriguneetan erabiltzen den garraiobide publikoak ingurumena zaintzea izan behar dute helburuen artean eta horretarako egin beharreko ibilbidea ere hartu behar da kontuan. Orain arteko urbanismo moduetan herritarrek kilometro asko egin behar dituzte lanera, erosketak egitera edota kiroldegira joateko, eta hori da hain zuzen, agintariek kontuan izan behar dutena. Hiri eta herriguneetako bizilagunek ez lituzkete oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko joan-etorri luzeak egin behar, eta egin behar izanez gero, horiek garraio publikoan edo modu jasangarrian egiteko moduak egon beharko lirateke.

Europako hiri askotan ematen den modeloa da, Paris edo Bartzelonan, esaterako; oinarrizko zerbitzuak biltzen dituzten herrigune konpaktuak dituzte.

Helsinki edo Los Angeles bezalako hirietan, kontrara, herritarrek kilometro asko egin behar izaten dituzte oinarrizko zerbitzuak izateko, lanera joateko edota eskoletara iristeko.

Etorkizuna berreraikitzeko norberaren apustu eta hautuak oso garrantzitsuak dira, baina baita eskura jartzen diren baliabideak ere, eta horretan gizarte guztiak eragin behar du modu batera edo bestera etorkizun jasangarria eraikitzen hasteko. Eta horretan urbanismoak ere badu bere garrantzia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!