"Aurkari gogorrak dira, baina irabazteko aukerak ikusten ditut"

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 29a, 20:00

Binakako promozio txapelketako finala jokatuko dute Jon Ander Peñak eta Jon Erasunek. Larunbatean izango da norgehiagoka, Iruñeako Labrit frontoian eta Agirre eta Eskiroz izango dituzte aurrez aurre. Itzulerari eta finalari buruz hitz egin du Peña II.ak. 

22 eta 13 garaitu zenituzten Zabala eta Ruiz final aurrekoetan. Zer moduz sentitu zinen partidan?

Oso gustura aritu nintzen. Partidaren hasieratik bukaeraraino egin genuen lan biok eta, azkenean, emaitza polita eskuratu genuen. Hasieran hainbat tantoko errenta atera genuen eta amaierara arte abantaila hori mantentzen ere asmatu genuen.

Nolakoa ari da izaten konfinamendu osteko itzulera?

Egia esan, arraroa. Covid-19ak guztioi eragin digu, baina nahiko ondo moldatu gara. Finalerdia jokatu eta astebetera finala edukitzea ez da ohikoena, baina gustura sentitzen naiz gure jokoarekin. 

Nola moldatu zarete entrenamenduekin?

Entrenamendu fisikoa lantzeko taldeko entrenatzaileak taulak bidaltzen dizkigu ariketekin, eta guk gure kabuz egiten ditugu; horrela kontaktua ahalik eta gehien murrizten delako. Saio teknikoak, berriz, frontoian egiten ditugu.

Bikotea aldatu duzu txapelketan zehar. Lehen Aranguren eta, orain, Erasun.

Bai, eta ondo moldatzen naiz Erasunekin. Oso pilota gutxi galtzen ditu eta babes handia ematen du atzean. Bikote sendoa osatzen dugu. 

Nolako bikotea osatzen dute Agirre eta Eskirozek?

Beraiek ere oso bikote sendoa dira, biak dira indartsuak. Partida asko irabazten ari dira eta, orokorrean, tanto gutxi galtzen dituzte. Zaila izango da haiei min egitea. 

Finalera begira, nolako partida aurreikusten duzu?

Ni ondo sentitzen naiz. Aurrekoan oso partida ona egin genuen eta emaitza ere halakoa izan zen. Maila altua ematen ari gara Erasun eta biok. Maila hori mantentzen badugu, gerra emango dugula iruditzen zait. Bikote indartsua osatzen dute Agirre eta Eskirozek, eta partida gogorra izango da, baina irabazteko aukerak ikusten ditut. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!