Eskualdeko bikotea, finalera sailkatzeko aukerarekin

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 23a, 16:00
Orain hiru urte aurkariak izan ziren Peña II.a eta Erasun (irudian). Orain elkarrekin finalera pasatzen saiatuko dira. ASIER IMAZ

Binakako Promozio Txapelketako finalerdietako partida dute bihar jokoan Peña II.ak eta Erasunek; irabaziz gero, finalean izango dira tolosarra eta zizurkildarra

Ez dute ibilbide bera egin Jon Ander Peña tolosarrak eta Jon Erasun zizurkildarrak aurtengo promozio mailako binakako txapelketan. Peña II.ak Arangurenekin txapelketako bikote sendoenetako bat osatu zuen. Erasun, bere aldetik, ordezko moduan aritu da, besteak beste, Aranguren ordezkatuz. Konfinamendua ezarri aurretik jokatutako azken partidan horrelaxe egin zuen, eta orain ere berak ordezkatuko du, bihar jokatuko den partida erabakigarrian.

Medranoko (Errioxa) frontoian jokatuko dute bihar txapelketako finalerdia Zabala eta Ruiz bikotearen aurka. 21:00etan hasiko da jaialdia eta beraiena izango da lehen partida. Irabazten dutenek finala jokatuko dute Agirre eta Eskiroz bikotearen aurka. Gogoz azaldu da Peña II.a finalerdia jokatzeko: «Denbora asko pasa da etenaldia izan zenetik. Egun bat lehenago esan ziguten bertan behera geratzen zela, eta gero lau hilabete pasa dira. Ia ahaztuta genuen, baina hortxe dago; azken bi asteetan ideiara egiten egon gara, partida jokatzeko garaia iritsi da eta oso pozik gaude». Erasunek, bere aldetik, motibazio handia dela dio finalerako sailkatzeko aukera izatea: «Ilusioa egiten du. Hiru atzelariren ordezko bezala aritu naiz, eta orain Aranguren ordezkatzeko aukera etorri zait, eta ahal dudan ondoen egiten saiatuko naiz».

Askotan jokatu dute elkarrekin tolosarrak eta zizurkildarrak. 2018ko txapelketan bikote izan ziren, eta finalerdiak jokatu arren, ezin izan zuten finalera iritsi. Orain izango dute beste aukera bat. «Arangurenek aukera izan du lehenengo mailan Caixabank Mastersa jokatzeko, eta nik uste dut aukera horiek aprobetxatu egin behar direla ematen zaizkizunean», esan du Peñak. «Finalerdia Erasunekin jokatzen dut, eta pilotari segurua da, eta nik uste dut gure partea eginez gero irabazteko aukera dugula. Txapelketan zehar bi partida jokatu ditugu, eta biak irabazi genituen». Erasunek uste du bien artean ondo uztartzen direla: «Orain bi urte txapelketa elkarrekin jokatu genuen eta txapelketan partida gehienak berarekin jokatu ditut. Peña oso ondo dago, lehen mailakoekin partidak irabazten, eta maila oso altuan jokatzen ari da. Goraka doa, eta horrela jarraituz gero lehen mailan aritzeko maila badu».

Bikote on baten aurka jokatu behar dutela finalerdia diote eskualdeko pilotariek. «Azken asteetan maila handian ari diren pilotarien aurka jokatuko dugu. Gurea ondo eginez gero, aukerak ditugu irabazteko. Bi pilotari indartsu eta luze dira, frontisetik urruti ibiltzen zaituztenak, eta horrelako pilotariak oso arriskutsuak izaten dira», esan du Peña II.ak. Erasunek ere iritzi bera du, eta berari pilotak atzera botatzera joango direla dio, «jakinda Peña dagoela aurrean. Nik uste dut partida gogorra izango dugula, baina guk gurea egiten badugu aukera izango dugu». Gakoa biek «bikotea egitea» dela esan du Peña II.ak: «Bakoitza alde batetik joanda, ez da ezer egiten. Bikotea egin behar dugu, batak besteari lagundu, bion artean akats gutxi egin, eta nik tanto dezente egin».

Ez dute Medranoko frontoia ezagutzen. «Beti ere, puntu hori izaten duzu. Ezagutzen ez duzun frontoi batean finalerdia jokatzea pixka bat presazkoa izan daiteke, baina arazorik ez da izango. Denontzat frontoi berdina da, eta batzuei pixka bat hobeto etorriko zaie, besteei pixka bat okerrago, baina hori beti gertatzen da», zehaztu du aurrelari tolosarrak. Hainbat frontoitan jokatzera ohituta daudela gaineratu du atzelari zizurkildarrak: «Berez jakitea nolakoa den hobea da, baina askotan ez du ezer esan nahi horrek. Nik uste dut ez dela frontoiaren aitzakiarik izango».

Sasoiari dagokionez, Peña II.ak dio ondo sentitzen dela: «Hiru-lau partida on jokatzetik nator, eta asteburu honetan atsedena izan dut. Ea sentsazioak errepikatzen diren, eta txukun aritzen garen». Bere aldetik, konfinamenduaren ondoren emaitza onak ez izan arren, Erasunek dio prest dagoela: «Entrenatzen ari naiz eta ondo sentitzen naiz, beraz, lasai noa partidara. Nire lanak ondo egiteko aukerekin noa».

2017ko promozio mailako txapelketan elkarren aurka jokatu zuten finala eta orduan txapela Erasunek jantzi zuen. Peña II.ak azken Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi zuen, eta orain beste txapela jantzi nahi du: «Finalera iristea poztasun handia izango litzateke. Azkenean, urte berezi honi amaiera bikaina ematea izango litzateke. Lau eta Erdikoa irabazita oso pozik nengoen, eta, bestetik, hiru-lau hilabeteko txapelketa bat da, eta gauden tokian zerbaitengatik gaude, denbora askoan ondo aritu garelako. Finalean sartzea urte biribil baten emaitza izango litzateke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!