Gehigarria: etxebizitza

Egokitzeko laguntzak

Ataria 2020ko uzt. 23a, 06:00

Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak berritzeko Renove plana abiarazten du urtero. Etxebizitzen edota eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzen laguntzea da helburua, baina baita neurri berean irisgarritasuna hobetzea, gizartearen kohesioa indartzea eta lanpostuak sortzeko pizgarria sortzea ere.

Gizartean geroz eta ozenago entzuten dira herri, auzo edo eremuen hirigintza eredua aldatu beharraz diharduten mezuak. Jada eraikita dauden eremuetan eragin beharraz hitz egiten da, eta horregatik jartzen da azpimarra birgaitzean. Hiria oin berriko eraikinak eginez handitzearen eta zabaltzearen kultura amaitu beharko litzatekeela ari da zabaltzen, eta erakundeak oraingo eraikinak eta espazio finkatuak birgaitzeari, berritzeari eta zaharberritzeri heltzeko pizgarriak ematen hasiak dira jada.

ENERGIA-ERAGINKORTASUNA

Bide horretan lan lerro desberdinak jorratzen dituzte. Eta horietako bat da energia-eraginkortasuna lortzeko bideratzen diren laguntzena. Izan ere, etxebizitzen gabezia handiena energia-eraginkortasunarekin du zerikusia. Egoera horri buelta emateko Europa 2020 estrategiaren barruan kokatzen dute Etxebizitzaren Birgaitze Renove Plana.

Karbono kontsumo baxua izango duen etorkizuna eraikitzeko konpromisoak hartu dituzte, helburua CO2 isuriak %20 murriztea izanik. Etxebideren ustez, energia-kontsumoa %20 murriztu beharko litzateke eta energia berrerabilgarriak %20 igo.

IRISGARRITASUNA

Irisgarritasuna da bideratu beharreko beste gabezietako bat. Eraikinen % 34 bakarrik dira irisgarriak eta igogailua % 24k bakarrik dute, 2011ko erroldaren arabera.

Horregatik, hiri-birgaitze politika berri bat ezartzea premiazkoa dela uste du Eusko Jaurlaritzak, bai etxebizitzak bai eraikinak eta haien ingurua irisgarri egiten laguntzeko. Hobekuntza horiek adineko pertsonen eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonen eguneroko bizitzan ezinbestekoak dira.

GIZARTE-KOHESIOA

Gizarte-kohesioa da Renove planarekin bultzatu nahi den beste helburuetako bat. Narriatuta dauden eta sozialki ahulak diren hiri-eremuetan esku hartzeak egin behar direla uste du Eusko Jaurlaritzak, eremu horiek herrietan edo hirietan barneratuz.

Azken finean, birgaitze-politika berriak ikuspegi integratua izan behar duela izan dio Jaurlaritzak; «hau da, energia-eraginkortasuna eta irisgarritasun unibertsala hobetzeaz gain, gizarte-laguntza bildu behar du». Guzti honekin enplegua sortzen lagundu nahi da ere.

Beraz, Etxebizitzak Birgaitzeko aldirako Renove Planak enplegua sortzeko, energia aurrezteko eta gizarte-kohesioa bultzatzeko estrategia indartuko du, birgaitze jasangarriaren eta integratzailearen aldeko politika baten bitartez.

ETXETRESNA ETA LEIHOAK

Eraikinetako birgaitze lanekin batera, Eusko Jaurlaritzak energia kontsumo txikiko etxetresnak eta leihoak aldatzeko laguntzak emango ditu. Diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago jada eta EEE Energiaren Euskal Erakundearen bitartez egin dute.

Diru laguntza lerro hauek Covid-19aren ondorioei aurre egiteko neurri ekonomiko egokia delakoan abiarazi ditzuztela esan dute. Etxebizitza alorrean, energiaren aurrezpenean sakondu nahi dute, 2030eko Euskadiko Energia Estrategiaren helburuekin bat eginik, eta aldi berean, ekonomia suspertzeko planen barruan, eraginkortasun handiko ekipamenduaren merkatua dinamizatu nahi dute.

EEE Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako diru laguntza plan hauek herritarrei soilik daude zuzenduta, partikularrei, ohiko okupazioko etxebizitzaren jabeei, gozamendun edo errentari diren pertsonei, eta horietan leihoak ordezkatzeko edota etxetresna elektriko berriak jartzeko asmotan badira.

Renove biek aurrekontu bera dute, 2,5 milioi euro; diru kantitate horri esker, 2.000 leiho aldaketan laguntzea aurreikusten dute, isolamendu handikoei sarbidea emanez etxebizitzetan, eta 25.000 etxetresna elektriko inguru ordezkatzea ahalbidetuko da, eta hartara, energia-eraginkortasun handiko tresnak merkaturatuz ( A++ eta A+++ mailakoak).

Diru laguntza eskaerak modu telematikoan bideratuko dira, Energiaren Euskal Erakundeak berariaz egokitutako aplikazioaren bidez, haren webgunean (www.eve.eus), eta behar bezala bete eta formalizatutako dokumentazioa jasotakoaren hurrenkerari edo ordenari jarraituz emango dituzte.

Kanpaina honekin bat egin nahi duten saltokietako arduradunek eskura izango dute identifikatzeko material ugari, haien dendetan kartel eta eskuorri informatiboak erakusteko eta banatzeko. Diru laguntzak kudeatzeko onespena ematen duten dendek, aldatzera doan etxetresna erretiratzeko konpromisoa hartu beharko du.

LEIHOEN RENOVE PLANA

Diru laguntzaz baliatzeko leihoak eta ate-leihoak etxebizitzaren kanpoko itxituren zati izan behar dute eta energia-eraginkortasun handiko estandarrak eduki behar dituzte.

Etxebizitza eta onuradun bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 1.500 eurokoa izango da gehienez eta diru laguntza hau bateragarria izango da helburu bera duten beste plan batzuekin, baldin eta salmenta azken prezioak (SAP) ez badu %65a gainditzen.

ETXETRESNA ELEKTRIKOEN RENOVE PLANA

Energia-eraginkortasun handia duten etxetresnak erosteko diru laguntza eskatu ahal izango dira ere, betiere tresna zaharrak behar bezala birziklatzea ahalbideratuz. Onuradun bakoitzeko eta etxetresnako gehieneko diru laguntzak ez du salmenta azken prezioa (SAP), BEZa barne, %25a gaindituko, eta pertsona berak ezin izango du diru laguntza bat baino gehiago jaso etxetresna mota berdinagatik. Etxetresna bakoitzarengatik 130 eta 100 euro arteko laguntzak aurreikusi dituzte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!