Babes eta laguntza eskasiaren aurkako sendagaia

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 22a, 15:59

Tolosaldea Sahararekin Elkarteak material bilketa bat jarri du martxan; osasun arloko materiala ere bildu nahi dute.

Uda berezia izaten ari da guztiontzat, baita eskualdeko herritar askorentzat ere. Aspaldiko urteetan, haur sahararrak etorriko ez diren lehen aldia izango da baita ere. Izan ere, Tolosaldea Sahararekin Elkarteak ezin izan du aurrera eraman Oporrak Bakean programa.

«50 gradutik gorako tenperaturak eta jaki eta ur eskasiak infernu bilakatzen duten gunean igarotzen dute uda milaka sahararrek», nabarmendu dute. Urtero, 300 haur inguru ateratzen dira infernu horretatik, uda Euskal Herrian igarotzeko. Nabarmendu dutenez, haurrek ezingo dituzte programak dituen onurak izan. «Ezingo dute medikuarengana joan, ezingo dira ondo elikatu, eta ezingo dute bueltan eramaten duten material poltsa eraman». Uda gogorra izango da, beraz, saharar herriarentzat, baina bereziki, bertako haurrentzat.

Aitortzen dutenez, jaitsi egin dira Euskal Herritik nahiz nazioartetik bidaltzen zaizkien babes eta laguntzak. Gauzak horrela, EAEko Fronte Polisarioko Ordezkaritzak proiektu bat osatu du: Zuek ezin baduzue etorri, gu joango gara. «Urrian, errafiazko poltsez betetako ibilgailuak errefuxiatu kanpalekuetaraino eramatea da helburua». Horietako poltsa batzuk harrera familiek saharar familiei bidali ahal dizkieten poltsak izango dira.

Baina, ez dira bidaliko diren bakarrak izango. Izan ere, Tolosaldeko herritarren elkartasunaz ere beteko dituzte beste batzuk. Materiala biltzeko, elkartasun karabana egiten ari dira aste honetan. Astelehenean Amasa-Villabonan izan ziren, atzo Alegian, eta gaur, bihar eta etzi, Ibarrako San Bartolome plazan, Ikaztegietako plazan eta Tolosako Trianguloa plazan izango dira. Informazioa helarazteko erakusketa txiki bat jartzen dute , 17:00etatik 20:00etara. «Material bilketarekin batera, gure laguntza eskaini nahi diegu. Ahalik eta elkartasun gehiena helaraztea da helburua, baita herri bezala ere, beraiek dituzten erronkei begira».

Batez ere, ikasmateriala lortzen saiatuko dira, saharar haurrek ikasturte berria ahalik eta egokien has dezaten. «Horrez gain, osasun arloko materiala ere bidali nahi dugu, musukoak, gel hidroalkoholikoak eta eskularruak, eta baita fardelak ere».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!