Tolosaldeko herririk garaienera

Ataria 2020ko uzt. 22a, 19:58

Bizikleta ibilaldi honetan eskualdeko herririk altuenera igo beharko da, Bidania-Goiatz (489 m); itzulerako bidean, Albiztur ezagutzeko geldialdia egingo dugu, eta handik, Urkizu auzotik igaroz, Tolosara iritsiko gara.

Sasoian al zaudete? Bada, ibilaldi hau egiteko indar guztiak beharko dituzue, eskualdeko mendaterik altuenetakoa dena igotzea tokatzen baita.

Hasteko, Tolosatik Olarraineraino (hau baita leku horren izena, eta ez bertan zegoen jatetxe batena) bidegorria erabiliz joango gara, beste ibilaldi batzuetan bezala, eta bertara iristean, Azpeitira doan errepidea (GI-2634) hartuko dugu.

Aldapa leuna dago hasieran, baina berehala gogortuko da, harrobi zaharraren parean. Albizturko bidegurutzean arnasa hartu eta igoeraren bigarren zatiari ekiteko presta zaitezte. Santutxoko bentan Santa Marina auzora edo Beizamara joateko aukera dago, etapa luzatu nahi izanez gero.

Oraingoan, baina, Bidania-Goiatzeraino joatearekin konformatuko gara. Bidania mendatea da ibilbideko punturik garaiena (511 m), eta handik herrira zelaia da. Dakizuen bezala, herri hau bi herri ziren 1964. urtera arte. Bidanian, San Bartolome eliza, udaletxea eta Iriarte Jauregia hotela (eskualdeko eta Gipuzkoa barnealdeko lau izarreko bakarra, jauregi batean kokatua) ikusteak merezi du. Herritik urrutiago, Santa Ageda eta San Pedro ermitak topatuko ditugu. Goiatzen, Bidanitik oso gertu, Jasokundeko Andra Mari eliza ikus daiteke. Bidanian, gainera, probintzian garaierarik handienean dagoen etxea dago, Ernio magaleko Berazeaga baserria, hain justu.

Donostiako gotzaina izan zen Lorenzo Bereziartua bertan jaio zen, baita Jexux Arzallus bertsolaria eta Juan Miguel Otaegi Betelu harri-jasotzailea ere.

ALBIZTURREN GELDIALDIA

Itzulerako bidean, mendatea igoz gero, dena aldapa behera izango dugu eta Albiztur ezagutzeko aprobetxatuko dugu. Horretarako, Intxurralde baserriko bidetik sartuko gara herrian (GI-3041). Udaletxea, Jasokundeko Andra Mari eliza, San Gregorio baseliza eta garbitegi ederrak ikus daitezke. Millan Telleria eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak dira bertako seme entzutetsuenak.

Ugarte jatetxetik abiatuta, Tolosako auzo bat bisitatzeko aukera dago: Urkizu (519 m). Horretarako, aldapa gogorra izango duzue, eta ondoren zazpi kilometroko jaitsiera bihurgunetsua Tolosaraino. Bestela, zuzenean itzul daiteke abiapuntura, igotzeko hartutako bide bera jarraituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!