ETE ligako bigarren estropadan bigarren bandera lortu du Tolosaldea traineruak. Oraingoan Getariako uretan izan da lorpena, eta 700. Errenteriako Udala eraman duten bandera. «Lehenengo luzean oso estu joan zen estropada, ziaboga arte denak ia batera iritsi baikinen. Ez genuen guztiz gure arraunketa hartu baina gustura joan ginen», azaldu du Malen Oiarzabal arraunlariak. «Gero, bueltan, arraunketa finkatu genuen, gure dinamikan sartu ginen, burua hotz mantentzen saiatuz, eta, egia esan, gozatu egin genuen, abantaila polit bat ateratzea lortuz eta oso gustura amaitu genuen».
Aurreko astean Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten, itsasoan egindako estropadan, eta gustura bukatu zuten arraunlariek, laugarren postua lortuz eta Eusko Tren ligako traineru baten aurretik, eta beste baten ia denbora berdinean amaituz. «Segurtasun puntu handi bat eman zigun itsasoko estropadei begira, gure buruarekiko lasaitasun bat ere bai, eta jakitea gauzak ondo eta zentzuz egiten bagenituen, aurrean ibiltzeko aukera izango genuela», esan du Oiarzabalek.
Entrenatzaileak zoriondu egin zien egindako estropadarengatik, eta behin eta berriz esaten diena esan zien orduan ere, Oiarzabalek azaldu duenez: «Gugan sinistu behar dugula, eta gu garela lehenengoak gure burua aurrean ikusi behar dugunak, banderengatik borrokatzen. Hortxe gaudela, baina lanean jarraitu behar dugula, hemen ez duelako inork ezer oparitzen. Apar gainean egon behar dugula, baina oinak beti lurrean izanik».
Hamar segundoko tartea atera zien bigarren eta hirugarren egin zuten San Juan eta Deustu ontziari. Lehenengo bandera lau ehunenekoengatik irabazi zuten. «Hori ere irabazi genuen, baina ez da sentsazio bera. Beste segurtasun batekin irabazi dugu bigarrena, eta poz handiz hartu dugu, nolabait orain arte egindako lanaren fruitua dela ikusten dugulako», zehaztu du Tolosaldea ontziko arraunlariak.
Linean jokatutako lehen bandera irabazi dute, horrenbestez, Tolosaldea ontzikoek. Aurten irabazitako bestea eta aurreko bi urteetan irabazitako bandera bana erlojuaren aurka izan baitziren. Gipuzkoako Txapelketako estropadan jasotako esperientzia horrek lagundu zien besteekin parez pare jarrita arraun egiteko segurtasuna izaten. «Linean irabaztea ere bada segurtasun seinale, eta traineru gaztea izan arren, eskarmentua hartzen ari garela erakusten du».
Jokatutako bi jardunaldiak irabazita, sailkapeneko lehen postuan daude Tolosaldea trainerukoak. Hurrengo bi estropadak asteburu honetan izango dira. Larunbatean Zumaiako II. Ikurrina jokatuko da, Getarian, eta igandean Pasaian izango da lehia. «Hasi besterik ez da egin liga, eta ez da nola hasten den baizik eta nola bukatzen den», esan du Oiarzabalek. «Estropadaz estropada joan behar dugu, eta zerotik hasi behar dugu jardunaldi bakoitza».
ETE LIGAKO SAILKAPENA
- Tolosaldea 18 puntu
- San Juan 14 p.
- Zumaia 14 p.
- Ondarroa 12 p.
- Deusto 11 p.
- Hibaika 8 p.
- Lutxana 6 p.
- Isuntza 5 p.
- Lapurdi 2 p.