Koronabirusa

10 positibo eskualdean, azken hiru egunetan

Ataria 2020ko uztailaren 20a

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela gutxi eman du azken hiru egunetako datuen berri. Pasa den ostiralean kaleratu zuen azken txostena, eta gaur, orduz geroztik herriz herri zenbatutako kasuak eman dituzte jakitera. Tolosan 7 herritarrek eman dute positibo asteburuan; Ibarran, berriz, 3k.

Nafarroan 51, Araban 6, Bizkaian 45 eta Gipuzkoan 63. Guztira 165. Horiek dira erakunde desberdinek gaur zabaldu dituzten datuak, atzo egindako probei dagozkienak. Eta EAEn behintzat, hala izan dela berretsi du Osasun Sailak, duela minutu gutxi kaleratu duen txostenaren arabera. Guztira, 114 izan dira. Ostiralean 115 izan ziren; Araban 11, Bizkaian 48 eta Gipuzkoan 56. Larunbatean egindako probetan atzemandako positiboak, berriz, 195 izan ziren. Araban 10, Bizkaian 92 eta Gipuzkoan 93.

Eskualdeari dagokionez, 10 positibo zenbatu dituzte asteburuan, guztiak ere bi herritan. Hiru Ibarran izan dira; ostiralean, larunbatean eta atzo bana. Beste 7ak, berriz, Tolosan: ostiralean 5 eta atzo 2. Larunbatean ez zen kasu positiborik izan Tolosan.

Gipuzkoaren kasuan, Bergaran, Eibarren eta Zarautzen zenbatu dituzte positibo gehienak azken hiru egunetan, dozenaka kasurekin. Bizkaian, berriz, Bilbo eta Ermua dira herri kaltetuenak. Azken honetan, 77 kasu atzeman dituzte ostiralaz geroztik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!