Jokin Altunak 48 ordutan bi garaipen

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 20a, 09:04

Asteburu borobila izan da amezketarrarentzat CaixaBank Masters txapelketan. Iñaki Artola eta Erik Jaka garaipenik gabe geratu dira. Azken honek, larunbatean, herritarren aurrean jokatu zuen.

Jokin Altunak lehen eta laugarren jardunaldietako partidak jokatu ditu asteburuan, Imaz atzean zuela. Ostiralean, Ezkurdia-Aranguren hartu zituzten, eta atzeratutako partida hori airean irabazi zuten: 22-8. Igandean, laugarren jardunaldiko partidan, ia gauza bera egin zuten txapelketako bikote sendoenarekin: 22-14. Bi garaipen horiekin, sailkapen nagusiko lehen postuan jarri dira amezketarra eta oiartzuarra, beste bi bikoterekin berdinduta.

Iñaki Artolak eta Beñat Rezustak partida galdu arren, 3 garaipenekin jarraitzen dute sailkapen buru. Garaipen kopuru berarekin daude Ezkurdia-Aranguren.

Jakak ezin izan zuen etxeko partida irabazi larunbatean. Lizartzarrak herritarren aurrean jokatu zuen, baina protagonista Oinatz Bengoetxea leitzarra izan zen. Lesiotik bueltan, txapelketako lehen garaipena lortu zuen Bengoetxea VI.ak. Amaieran, markagailuak 22-18 erakutsi zuen. Jaka-Albisuk sailkapen nagusian goiko postuetan jarraitzen dute, bi garaipenekin.

5. jardunaldia

Iñaki Artola izango da bosgarren jardunaldia zabalduko duen eskualdeko ordezkaria. Ostiralean, Medranon, Elezkano II-Aretxabaleta izango dituzte aurkari Artola-Rezustak. Jaialdia 21:00etan hasiko da.

Jokin Altuna eta Ander Imazek larunbatean jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan, 22:15etik aurrera; Olaizola I-Zabaleta izango dituzte aurkari.

Erik Jakak eta Jon Ander Albisuk igandean jokatuko dute Zarautzen, 17:00etatik aurrera, Urrutikoetxea-Irribarriaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!