Bi egunetan hautemandako 411 positibo berriek COVID-19agatiko kezka zabaldu dute Hegoaldean

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko uzt. 20a, 08:14

Igandeko datuen faltan, COVID-19ak Hegoaldean ostiralean 155 kasu berri utzi ditu eta 256 larunbatean, koronabirusak udako beroaren aurrean menia bat emango zuen itxaropena zutenei ezustekoa emanda. Astelehenetik agintari jendeek iragarri dute zahar-etxeetako sartu-irteerak murriztu eta haur eta gaztetxoen udalekuak etengo dituztela.

Azken 15 egunetan koronabirusaren agerraldiak ugaritu ostean –batik bat Gipuzkoan eta Nafarroan– PCR bidez hautemandako kasu berriek jauzi arriskutsua egin dute aurreko bi egunetan. Ostiralean –uztailak 18– 155 COVID-19 positibo berri ezagutu ziren Hegoaldean: Araban 9, Bizkaian 43, Gipuzkoan 63 eta Nafarroan 40. Larunbatean zenbatutakoek ia bi halako kopurua osatu zuten, 256 honela banatuak: Araban 10, Bizkaian 92, Gipuzkoan 93 eta Nafarroan 59.

Nafarroako Gobernuko bezala Eusko Jaurlaritzako sailburuek nabarmendu dute agerraldi berrietako kasuetan gazteek daukaten presentzia, asko ugaritu direlako 30 eta are 20 urtez azpiko gazteak –Nekane Murga sailburuak aipatu du EAEko kasu berrien %40 direla 20 urtez azpikoak– agintariek lotzen dituztenak kurtso amaierako ospakizunetan gertatutako kutsatzeei.

Herriei dagokienez, itxura batera lasaiagotzat jotzen dute egoera hainbeste zalparta sortu zuen Ordizian eta neurri txikiagoan Tolosan eta Getarian eta kezka handiagoa adierazten dute bai Eibar eta Zarautzko agerraldiengatik eta bai Iruñerriko Mendillorrikoagatik. Hala ere, batik bat EAEren kasuan, ondo bidean astelehenean jakingo dira herriei dagozkien datu gehiago, Osakidetzako agintariek larunbat eta igandeko buletinetan horiek eta beste xehetasun asko bazterrean lagatzen dituzte eta. Horrela ikusi beharko da Bizkaiko kasuen ugaltze handia non ari den jazotzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!