Koronabirusa

Udalekuak bertan behera utziko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Jon O. Urain 2020ko uzt. 18a, 10:37

Zahar etxeetako egoiliarrek ezingo dute horietatik irten, eta bisitak berriro mugatuko dituzte. Gainera, adinekoen eguneko zentroak itxiko dituzte behin-behinean. Beste 115 pertsonak eman dute positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bezperan baino 50 gehiago. Murgak positibo eman dutenei edo gaixo egon daitezkeela uste dutenei eskatu die itxialdia zorrotz betetzeko.

COVID-19aren izurriari buruzko egoeraren berri eman du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Datuak eman ditu: 115 pertsonak eman zuten positibo atzo PCR proban: 9 Araban, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan. Bezperan, 65 izan ziren; lau Araban, 26 Bizkaian eta 35 Gipuzkoan.

Murgak azaldu du astebetean 25.000 PCR proba egin dituztela; atzo, 4.997: «Hauek dira datuak: beti jardun dugu erabateko gardentasunez. Ez dugu ezkutatzen datuekiko kezka». Erantsi du datuek erakusten dutela kutsatzeak gehiago direla, baina Osakidetza inoiz baino gehiago aztertzen ari dela. Beraz, «izozmendia lehenago» ikusten ari direla: «Oso goiz atzematen ari dira kutsatzeak, eta soilik kasu batzuetan artatu behar izan dituzte erietxean. baina garrantzitsua bakartzea ondo betetzea». Kutsatuen soslaia ere aldatu dela azaldu du: batez ere gazteak dira, eta kutsatze eremua, aisia.

115 kutsatu horiei eta kontaktu estua dutenei zuzendu zaie Murga: eskatu die bakartzeko eta ondo informatzeko itxialdian egin beharrekoaz.

Udalekuak, bertan behera

Egoera horretan, Murgak zenbait neurri iragarri ditu. Batetik, Eudelen bidez, udalei eskatu diete udalekuak bertan behera uzteko, eta foru aldundiei, mugatzeko zahar etxeetako joan-etorriak: egoiliarrek ezingo dute kalera atera, eta bisitan senide bakarra joan ahal izango da. Adinekoen eguneko zentroak ere itxi egingo dituzte behin-behinean. Murgak esan du neurriok hiru herrialdeetan izango dutela eragina eta badaezpadakoak direla, «etorkizunean kutsatze gehiago egotea saihesteko».

Gainera, lagun edo senide arteko elkartzeetan arduraz jokatzeko eskatu du sailburuak, kalean nahiz etxean: «Ez dugu hamar lagunetik gorako talderik osatu behar: horrek du arrisku handiena». «Gazteak, zaharrak, haurrak, nerabeak... inork ez du inmunitaterik», erantsi du.

Ordiziako eta Orioko agerraldiak, itxita

Aktibo dauden koronabirus agerraldiei ere errepasoa egin die Murgak, azaldu baitu atzo positibo eman zutenak «nahiko sakabanatuta» daudela Gipuzkoan. Edozin modura, agerraldiak «identifikatuta» dituzte. Esaterako, Oriokoa itxitzat jo du, eta Ordiziakoa ia-ia ere bai; pertsona batek eman du positibo Goierriko herrian; aurrez positibo eman zuen beste baten kontaktu estu batek. Tolosan, kasu berriak apaltzen ari dira, baina ez dute itxitzat eman oraindik.

Zarautzen, kanpina jada zabalik dago, desinfektatu ondoren, lau positiboak beste leku batzuetan kutsatu zirelako. Eibarren, selektibitate osteko festa batean positiborik baden aztertzen ari dira, eta Ermuan (Bizkaia) jarraipena egiten ari dira, baina aztertutako guztiek eman dute negatibo.

Bestalde, begirale batek positibo eman du kanpaleku batean, eta 250 laguni PCR probak egingo dizkiete. Murgak, ordea, ez du zehaztu non gertatu den hori: «Kostaldean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!