Babes eta laguntza eskasiaren aurkako sendagaia

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 17a, 18:59
Tolosako Trianguloa plazan egin zuten ekimen berriaren aurkezpena.

Tolosaldea Sahararekin Elkarteak material bilketa berri bat abiatuko du hilaren 20an, astelehena, bost herritan; ohiko janari eta ikas-materialaz gain, osasun arlokoa ere bildu nahi dute.

Uda berezia izaten ari da guztiontzat, baita eskualdeko herritar askorentzat ere. Aspaldiko urteetan, haur sahararrak etorriko ez diren lehen aldia izango baita. Izan ere, Tolosaldea Sahararekin Elkarteak ez du aurrera eraman Oporrak Bakean programa.«50 gradutik gorako tenperaturak eta janari eta ur eskasiak infernu bilakatzen duten gunean igarotzen dute uda milaka sahararrek», nabarmentzen dute.

Urtero, 300 haur inguru ateratzen dira infernu horretatik, uda Euskal Herrian igarotzeko. Nabarmentzen dutenez, haurrek ezingo dituzte programak dituen onurak izan. «Ezingo dute medikuarengana joan, ezingo dira ondo elikatu, eta ezingo dute bueltan eramaten duten material poltsa eraman». Uda gogorra izango da, beraz, saharar herriarentzat, baina bereziki, bertako haurrentzat.

Aitortzen dutenez, jaitsi egin dira Euskal Herritik nahiz nazioartetik bidaltzen zaizkien babes eta laguntzak. Gauzak horrela, EAEko Frente Polisarioko Ordezkaritzak proiektu bat osatu du: ‘Zuek ezin baduzue etorri, gu joango gara’. «Urrian, errafiazko boltsez betetako ibilgailuak errefusiatu kanpamenduetaraino eramatea da helburua». Horietako poltsa batzuk harrera familiek saharar familiei bidali ahal dizkieten poltsak izango dira.

Baina, ez dira bidaliko diren bakarrak izango. Izan ere, Tolosaldeko herritarren elkartasunaz ere beteko dituzte beste batzuk. Materiala biltzeko, elkartasun karabana egingo dute. Astelehenean hasiko dira Amasa-Villabonan, eta ondoren, ostirala bitarte, Alegian, Ibarran, Ikaztegietan eta Tolosan ere izango dira. Gainera, informazioa helarazteko erakusketa txiki bat jarriko dute herriko plazetan, 17:00etatik 20:00etara. «Material bilketarekin batera, gure laguntza eskaini nahi diegu. Ahalik eta elkartasun gehiena helaraztea da helburua, baita herri bezala ere, beraiek dituzten erronkei begira».

Batez ere, ikas-materiala lortzen saiatuko dira, saharar haurrek ikasturte berria ahalik eta egokien has dezaten. «Horrez gain, osasun arloko materiala ere bidali nahi dugu, musukoak, gel hidroalkoholikoak eta eskularruak, eta baita pardelak ere».

Material bilketa

Uztailak 20. Amasa-Villabonako Errebote Plazan.
Uztailak 21. Alegiako plazan.
Uztailak 22. Ibarrako San Bartolome plazan.
Uztailak 23. Ikaztegietako plazan.
Uztailak 24. Tolosako Trianguloa plazan.

*Bilketa guztiak 17:00etatik 20:00etara egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!