Sarek antolatutako bizikleta bira uztailaren 23an iritsiko da Tolosaldera

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 19a, 12:07

Hirugarren urtez, bizikleta bira antolatu du Sarek. Koronabirusaren ondorioz aurten hiru egunera murriztu dute egitasmoa eta hiru etapa independente izango ditu. Uztailaren 23koan, Lekunberritik Hernanirako bidea egingo da, Tolosaldea zeharkatuz.

Azken bi urteetan udako bizikleta itzulia antolatu du Sarek, eta aurten ere hala egin dute. Uztailaren 23an Lekunberrin hasi, eta Hego Euskal Herriko lau espetxeetara egindako martxarekin amaituko dute hilaren 25ean.

Aurten, ordea, koronabirusaren ondorioz, zenbait neurri hartu dituzte Sarekoek; besteak beste, hiru egunera murriztu dute itzulia, eta etapak bereiziak izango dira. Lehen egunean, Lekunberritik Hernanirako bidea egingo dute han bildutakoek; Tolosaldea zeharkatuko dute txirrindulariek: 10:30ean iritsiko dira Lizartzara, 11:00etan Tolosara, 11:15ean Anoetara eta 11:45ean Villabonara. Etapa Hernanin amaituko da. Izen emateko www.sare.eus webgunera jo beharko da eta apuntatzeko epea uztailaren 21ean, asteartean, amaituko da. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, txaleko erreflektantea eraman beharko da eta etapa amaierako ekitaldietan musukoen erabilera beharrezkoa izango da.

Lehen etaparen ondoren, uztailaren 24an, Urduñatik Durangora joango dira eta azken egunekoa da berritasunik handiena. Hego Euskal Herriko lau hiriburutatik abiatu, eta alboko kartzeletara egingo dute martxa: Bilbotik Basaurira, Gasteiztik Zaballara, Iruñeko kartzelara ere joango dira, eta Donostiatik Martutenera. Euskal Herrian zigorra betetzeko aukera dagoela irudikatzeko egingo dituzte uztailaren 25eko lau etapak, hain justu. 

Koronabirusa espetxeetan

Aurtengoa bai senide eta baita preso dauden euskal herritarrentzat bereziki urte "gogorra" izaten ari dela nabarmendu du Tolosaldeko Sareko kide Jon Ugartemendiak. Euskal presoak hiru hilabetez egon dira bisitarik egin gabe COVID-19aren eraginez, eta Ugartemendiak adierazi du denbora honetan «ezjakintasuna eta ziurgabetasuna» izan direla nagusi. Senideek  TOLOSALDEKO ATARIAri kontatu dioten bezala presoek ez dute aukerarik izan erraz komunikatzeko, eta, kartzeletako «gabezia higienikoaren eta masifikazioaren ondorioz», beldurra eduki dute. 

"Hori nahikoa ez balitz, urruntze politikak gauzak zailago eta gogorrago bihurtu ditu", esan dute Saretik. "Orain, bisitak berreskuratu ostean, senideek berriro ere ehunka eta milaka kilometro egin behar dituzte, pandemia oraindik indarrean den honetan, bizia errepidean arriskatuz. Gure eskualdeko senide eta lagunek, adibidez, bataz beste 1.400 kilometrotik gora egin behar izaten dituzte astebururo", esan du Ugartemendiak. Tolosaldeko Sareren ustez, COVID-19ak are ageriagoan utzi du euskal presoak euren bizilekutik gertu egotearen beharra. "Bada garaia behin betiko egoera honekin amaitzeko. Bada garaia presoak euskal herriratu eta hauen etxeratze prozesua gauzatzeko".

Iragan maiatzean aurkeztu zuten Izan Bidea ekimenaren barruan antolatu dute bizikleta itzuli hau, "preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugulako". Bizikleta hartu eta bidea egitera animatu dituzte Tolosaldeko herritarrak, eskualdeko elkarretaratzeetara hurbilduz. "Jarrai dezagun guztion artean kilometroak egiten".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!