Laugarren egin du Tolosaldeak Gipuzkoako Traineruen Txapelketan

Ataria 2020ko uzt. 16a, 15:45

Tolosaldea trainerua, aurreko larunbatean, Pasaiako badian, ETE ligako I. Tolosaldeko Ikurrinan.

Eusko Tren ligako Hondarribiaren aurretik sartu da eta gutxigatik ez du hirugarren postua lortu. Lortutako emaitzarekin "oso gustura" geratu dira Tolosaldea trainerukoak.

Orion jokatu zen atzo Gipuzkoako Traineruen Txapelketa eta bertan bederatzi ontzik parte hartu zuten, Eusko Tren ligakoek zein ETE ligakoek. Oriok jantzi zuen txapela (11.27,10), bigarren Donostiarra izan zen (11.36,25) eta hirugarren postua oso lehiatua izan zen, azkenean Arraun Lagunak taldearentzat (11.51,10) izan baitzen Tolosaldeari (11.51,96) ehuneneko batzuengatik irabaziz. Bosgarren San Juan (12.08,16) izan zen, eta seigarren amaitu zuen Eusko Tren ligan aritzen den Hondarribiak (12.16,18). Ondoren, Zumaia (12.21,32), Hibaika (12.38,12) eta Lapurdi (13.26,84) helmugaratu ziren.

"Oso gustura geratu ginen", esan du Malen Oiarzabal Tolosaldea traineruko arraunlariak. "Ez genuen horrela ibiltzea espero. Entrenamenduak ez zuen distira handirik izan bezperan, eta beti diogu errespetu pixka bat itsasoari. Baina seguru atera ginen, lasaitasunez, eta azkenean lasaitasun horrek eman zigun dinamika on batean sartzea, eta oso pozik gaude lortutakoarekin".

Tolosaldea traineruaren hurrengo estropada ETE ligako bigarren jardunaldia izango da, igandean, uztailaren 19an, jokatuko dena. Getarian izango da eta 11:00etan hasiko da. Atzoko estropadak iganderako lasaitasuna ematen diela dio Oiarzabalek: "Gure buruarekiko lasaitasuna ematen digu, eta segurtasuna ere bai. Itsasoan ondo egiten baditugu gauzak, hor gaudela erakutsi dugu". Hala ere, gogora ekarri du estropada bakoitza mundu bat izaten dela: "Igandean ez dakigu zer gertatuko den, eta berriz ere zerotik hasten gara".

Bestalde, Tolosako Udaletik ohar bidez zaleei eskatu die Getariara ez joateko: "Bai Getarian eta bai Tolosan agertu diren koronabirus kasu berrien aurrean, arduraz eta zentzuz jokatzeko eskatu du Getariako Udalak, eta arraun zaleei eskatu die ez daitezela Getariara gerturatu, estropada unean sor daitezkeen jende pilaketak ekidin eta koronabirusaren hedapena gelditzeko. Tolosako Udalak bat egin du eskariarekin, eta herritarrei arduraz eta zentzuz jokatzeko eskatu die, igandean Getariara ez joateko eskariarekin batera".

Atzoko txapelketan ere ez zela publiko handirik izan esan du Oiarzabalek. "Azkenean xarma eta berotasun pixka bat kentzen dio, baina egoera horrelakoa da eta aurrera egin behar da", azaldu du arraunlariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!