Txirrindularien txanda

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 16a, 19:58

Jon Irisarri, Eukene Larrarte eta Naia Amondarain lasterketetan parte hartzeko irrikaz daude; hala ere, Irisarrik izan du lehen eragozpena horretarako, estreinako proba bertan behera geratu delako.

Txirrindulariak lehiatzen hasteko gogoz daude, lasterketetan parte hartu eta nola erantzuten duten ikusteko. Caja Rural taldeko Jon Irisarri leaburuarrak, ordea, espero baino gehiago itxaron beharko du horretarako, asteburu honetan lasterketa batean parte hartu behar baitzuen Portugalen, baina antolakuntzako kide batek positibo eman du COVID-19an eta bertan behera geratu da. Eneicat Pecafer taldeko Eukene Larrarte tolosarrak eta Sopela Woman's Team taldeko Naia Amondarain ibartarrak Nafarroan izango dute konfinamendu osteko lehen lasterketa.

Irisarrek etsipenez hitz egin du Portugalgo Torres Vedraseko lasterketa bertan behera geratzeaz: «Hasiera batean lau eguneko lasterketa zen. Gero esan ziguten bi egun bakarrik izango zirela. Zerbait gertatzen bazen, ikusten nuen probarik gabe geratuko ginela, eta hori izan da, antolakuntzako batek positibo eman omen du, eta bertan behera geratu da. Hemendik aurrera, kezkatuta gaude ez ote diren beste proba batzuk ere bertan behera geratuko». Entrenamenduetan sentsazio onak zituela, eta sasoia hartzen ari zirela dio Irisarrik: «Pena da egin dugun esfortzu eta prestakuntza guztia gero ezin dugula erakutsi lasterketan. Dena emanda entrenatu ahal duzu, baina gero ezin baduzu erakutsi hori lasterketa batean... Ni ondo sentitzen nintzen eta parte hartzeak ilusioa egiten zidan».

Larrartek eta Amondaraink Nafarroan egingo dute topo, Emakumeen Nafarroako Klasikoan. Bi proba dituzte: uztailaren 23an, Iruñea eta Lekunberri artekoa, eta uztailaren 24an, Iruñean hasi eta bukatzen dena. Txirrindularitzako bigarren mailan daude bi txirrindularien taldeak, eta proba horietan lehen mailako talde ugari izango dira. Larrartek dagoeneko parte hartu zuen bere talde berriarekin Valentziako Itzulian, otsailean. «Maila altua izango da Nafarroako probetan, nazioarte mailako egutegian lehenak izango direlako geldialdia eta gero», esan du Larrartek. «Lehen eguna igotzaileentzat da, eta bigarrenean errazagoa da esprintean bukatzea. Niretzako egokiagoa bigarrena izango da. Hori bai, kontuan hartuta errepidean nire lehenengo urtea dela nazioarte mailako talde batean, beraz, nire helburua ikastea eta taldeari laguntzea da».

Amondarainek lehen urtea du ere nazioarteko talde batean, eta bere lehen probak izango dira Nafarroakoak: «Nire helburua ikastea izango da gehienbat, eta baita gozatzea ere, kontuan izanik iaz junior mailan nengoela. Nabarituko dut erritmo aldaketa, eta taldeari ahal dudan moduan lagunduko diot». Hurrengo proba garrantzitsua uztailaren 26an izango dute bi txirrindulariek, Durango-Durango lasterketa, hain justu.

HURRENGO AUKERAK

Irisarrik hurrengo lasterketa Burgosko Itzulia izango du. Uztailaren 28an hasiko da eta World Tour mailako taldeek, hau da, txirrindularitzako lehen mailakoek, parte hartuko dute. Caja Rural Continental Profesional mailan dago, hau da, txirrindularitzako bigarren mailan. «Normalean World Tour-eko zenbait talde joaten dira, baina aurten gehiago joango direla espero da. Lasterketa gutxiago izango dira, eta azkenean talde guztiek ahal diren lasterketa gehienak egin nahi dituzte». Beste urtetan baino maila handiagoa izatea espero da, beraz, Burgosko Itzulian. «Guretzako ere ona da», esan du Irisarrik. «World Tourrekoek ez dute aukerarik izan lasterketa asko egiteko, eta beraz lehiaketak ematen duen maila hori hartu gabe egongo dira, eta antzekoagoa izango da txirrindulari guztien maila». Taldearentzat aurtengo lasterketa garrantzitsuena Espainiako Vuelta izango da, urrian hasi eta azaroan bukatuko dena. «Gure helburu nagusia da eta aurtengorako jaso dugu gonbidapena», zehaztu du.

Amondarainek orain gutxi egonaldia egin du errepideko Espainiako selekzioarekin. «Absolutuarekin izan da, hautatzailearen asmoa jende gaztea joatea zelako, taldeko giroa sortzeko berrien eta beteranoen artean», zehaztu du ibartarrak. «Zure erreferentzia den jendearekin egotea oso esperientzia ona izan da». Bere aldetik, Larrarte bi aste barru joango da egonaldia egitera Espainiako selekzioarekin. Bestalde, abuztuaren erdialdean errepideko Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoz daude Larrarte eta Amondarain. Biak 23 urtez azpiko mailan lehiatuko dira.

Pistan ere lehiatuko da aurten Larrarte, Gipuzkoa Ogi Berri taldearekin. Italiara joateko asmoa du hamar egunez, bertako hainbat probatan parte hartzeko. Omnium proban parte hartzeaz gain, taldeko Tania Calvorekin madison proban ariko da. Espainiako Txapelketan aritu izan dira elkarrekin modalitate horretan, baina lehen aldia izango da nazioarteko proba batean parte hartzen dutena. Irailean izango dute Espainiako Txapelketa, eta bertara joateko asmoa ere badu Amondarainek.

Orain bi aste talde egonaldia egin zuten Caja Ruralekoek. «Sasoi onean nago», esan du Irisarrik. «Ondo entrenatu dut, dena ondo egin ahal izan dut, arazorik gabe. Orain hori lasterketetan erakustea nahiko nuke, baina horretarako lasterketak egin behar dira». Larrartek ere espero du egutegian zehaztutako probak egin ahal izatea: «Nolabait esateko, hori da A plana. Espero dugu, lasterketak bertan behera ez geratzea, eta B planik martxan jarri behar ez izatea». Lehen lasterketetan parte hartzeko gogoz dago Amondarain: «Ikusi nahi dut nola nabilen, eta balioko dit beharrezko indar puntu hori hartzeko». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!