Ibilbideak bezalakorik ez omen dago osasunerako. Ez alferrik, eguneroko paseotxoa gomendatzen du sendagile orok, batez ere adin batetik gorako pertsonentzat. Bakarrik, nahiz konpainian, hirigunean ala landa eremuan, musikaren edota irratiaren doinuarekin... Gure aisialdian ibilian aritzeko aukerak amaigabeak dira, pertsonen gustuen araberakoak, hain justu, eta gorputza zaintzeaz gain, gure begien aurrean bistaratuko diren milaka ikuspegiekin gozatuz erlaxatzea ere lortuko dugu.
Hori da hain justu, TOLOSALDEKO ATARIA-k azken asteetan eskaini nahi izan duena, astero-astero argitaratutako ibilbideekin. Eta ikasturteko azken aleetan ere proposamen gehiago egingo ditu. Gaurkoan Belauntzatik Leaburura bitarteko ibilbidea egitera gonbidatuko ditu ibiltariak.
BELAUNTZATIK
Belauntzako autobus geltokian ekingo diogu ibilbideari. Gure asmoa Leabururaino joan-etorria egitea da. Eguraldi bikaina dugu garai honetan eta eguzkiaren printzek goialde horretan dabilen haize finarekin bikote zoragarria osatzen dute.
Leabururantz doan errepidean gora egingo dugu, eta segituan eskuinera hartuko dugu, Belauntzaren herrigunera doan bidea, hain zuzen. Bertara iritsi aurretik, jolaslekua ikusiko dugu gure eskuinean. Oso hedadura txikikoa da erdigunea, parroki-elizaren inguruko etxe bakar batzuetara mugatzen dena.
San Joan Batailatzearen parroki-eliza da herriko elementurik adierazgarriena. Ez da neurri handikoa, gurutze latindarreko oinplanoa du, gurutzeriazko gangek osatutako estalkiak eta dorrea oinpean. Arkupea dagoen lekuan arku zorrotzeko ate ederra ikus daiteke.
Parroki-elizaren parean, bestalde, udaletxea dago. Oso erraz antzematen zaio udaletxea dela, eraikuntza mota honek izan ohi duen ohiko egitura baitu, bere arkupe eta balkoi nagusiarekin. Herrigunean, hala ere, pilotalekua topatu ahalko dugu, frontenis zaleen artean eskualdeko gustuenetakoa. Eta eskuinean, frontoia utzita aldapa malkartsuan gora goazela, herriko osatuarekin egingo dugu topo, gaur egun itxita dagoena.
Bide malkartsuak, berriro ere, errepide nagusira eramango gaitu. Hau izango dugu kilometro eta erdira geratzen den Leabururaino bidelagun. Inguruko baserrietatik, behien eta oilarren doinuak eta zuhaitzetako adarretan dauden txorien txorrotxioak lagun ditugularik, bagoaz aurrera.
Urrutian, Leaburu begiztatuko dugu, eta eskuinera so eginda, berriz, Ibarra eta Tolosa ikusiko ditugu. Zalantzarik gabe, eskualdean dugun ikuspegi ederrenetarikoa da Belauntzatik Leabururako bide honek eskaintzen duena.
IBILTARI ASKO
Ibiltari askok aukeratzen dute ibilbide hau, ez bakarrik Belauntza eta Leaburuko bizilagunek, asko dira Ibarra eta Tolosan ere ibilbide hau aukeratzen dutenak ere.
Leaburuko erdigunera herriko auzo berrieneko bidetik ailegatuko gara. Familia bakarreko etxe dotorez osaturiko auzoa da, amaieran plazarako bidexka duena. Plazan, berriz, San Pedro parroki-eliza nabarmentzen da. Bitxia da bere kokalekua, haitz batek babesturiko muinoaz baliatu baitziren eraikitzerakoan. Udaletxea ere topatuko dugu, ostatua eta pilotalekua. Itzulerako bidea hartzeko ordua iritsi da, bide beretik egingo dugu, ikuspegi ederrekin gozatuz.