Artilea biltzeko leku eta egunak jarri dituzte Asteasun eta Berastegin

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko uztailaren 15a

Kerman Garralda / Goierriko Hitza

Etorkizunean artilea baliozko baserriko produktua izateko lanean ari dira buru-belarri, eta bien bitartean, Gipuzkoan, uztailaren bigarren hamabostaldian egingo dute bilketa. 

Hainbat enpresa eta eragile artilea balorean jartzeko irtenbideak aztertzen ari dira. Proiektu horiek gauzatzen diren bitartean, ordea, Gipuzkoan artile bilketa modu antolatuan gauzatzen ari dira. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundia, ardi sektoreko elkarteak, gestio etxeak, nekazaritzako sindikatuak eta Landa Garapeneko elkarteak elkarrekin ari dira lanean. 

Aurtengo antolakuntzaren ezaugarri nagusia "sektorearen inplikazioa" izan dela azpimarratu dute, eta Lurgintza eta Abelurrekin (Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioa) batera.

Bilketa zerbitzua ahalik eta modu sinple eta merkeenean egiteko, prozedura landu eta adostu dute. Gipuzkoan artilea biltzeko bost puntu zehaztu dituzte, eta horietatik bi eskualdean izango dira: Asteasu eta Berastegi.

Asteasun hilaren 20an eta 27an jaso dute artilea Agroaldean, 188 industriagunean. Berastegin, berriz, hilaren 29an, Aitzerga auzoko Artalekun.

Interesa duten artzainek 696 433 602 telefono zenbakira deitu beharko dute. Bertan azalduko zaizkie artilea entregatzeko tokia, eguna eta ordua.

Finantzaketaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduko du, eta beste zatia artzainek ordaindu beharko dute. Iaz egin moduan, Nafarroara bidaliko dutela artilea konposta egiteko adierazi dute, "ekonomia zirkularra" sustatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!