Duela 20 urte hainbat lagunek, tartean Tolosaldeko batzuk, egindako bidaia luze eta berezia gogoratzea da artikulu honen helburua. Pangea izena hartu zuen proiektuak eta munduko kontinente guztietako sakonune handienak bisitatzea zuen helburu. Ander Izagirrek idatzitako Los sotanos del mundo liburuaren berrargitalpenaren aitzakian, esperientzia gogoratzeko aukera izan zen duela egun batzuk Tolosan egindako aurkezpen publikoan.
Josu Iztueta bidaiari tolosarra izan zen egitasmo honen sortzailea eta antolatzaile nagusia. Urte mordoa darama munduan zehar jendearekin bidaiatzen, gehienak Nairobitarra autobus ezagunean Anjel Ortiz lagunarekin. «Herrialdeak klima, geografia, edota kultura aldetik nolakoak diren ezagutzeko jakin-mina izan dut beti. Horretarako mapak, liburuak eta aldizkariak begiratzea dut gustuko, National Geographic adibidez. Hango informazioa kristauentzat Biblia bezala da guretzat, dena egia. Mendi gehienak eta basamortuak neurtuta daude. Kontinenteetako punturik baxuenak ere bai, baina Hegoamerikakoan akatsen bat zegoela susmatzen nuen. Horren atzetik sortu zitzaidan sakonune horiek bisitatzeko ideia. Zehaztu behar da lurrazaleko puntu baxuenak direla, kobazuloetan sartu gabe», azaldu du Iztuetak.
Taldea osatzeko bere lagun eta ezagun batzuei luzatu zien proposamena eta hauek izan ginen onartu genuenak: Ander Izagirre donostiarra, Maialen Lujanbio, Marijo Arrieta eta Susana Elosegi hernaniarrak, Miguel Mari Luze Elosegi eta Aitziber Olano leitzarrak eta gainontzekoak Tolosaldekoak (Balentin Dorronsoro albizturtarra, Marijuli Azkue asteasuarra, Eneko Imaz tolosarra, Elduainen bizi den Amaia Askasibar elgetarra eta ni neu). Lanbide eta interesgune desberdineko bidaideak izatea aberasgarriagoa zela pentsatu zuen: irakasleak, kazetariak, biologoak, musikariak… Aniztasun horrek aberastasuna dakarrela dio Iztuetak: «Denok astronomoak izango bagina, gauak zeruari begira pasako genuke, baina kriskitin sugea, meatzaria edo euskaldunen arrastoa ere segitzea interesgarriagoa iruditzen zitzaigun».
Pertsonalki, Josuk ideia proposatu zidanean, zalantza batzuen ondoren, baiezkoa emateko arrazoiak bat baino gehiago izan ziren: Nairobitarran ibilia nintzen hainbat aldiz eta bidaiatzeko era hori gustukoa izatea, urruneko herrialdeak tarte luzez ezagutzeko aukera, proiektua lagunartean burutzea, euskal diasporako lurraldeak ezagutzea, urruti bizi diren euskaldunak elkarrizketatzeko aukera… Lantokian lau hilabeteko baimena lortu eta prestakizunetan hasi nintzen gainontzeko kideekin batera.
2000. urtea, mendearen eta milurtekoaren amaiera izateaz gain, oso berezia izan zen niretzat: urte erdia bidaiatuz pasatu nuen. Babeslerik gabe joan ginen, gure kabuz, material pixka bat lortuz laguntzaile batzuen partetik. Egitasmoak oihartzun zabala izan zuen prentsan eta hainbat komunikabidetan kronikak edo elkarrizketak argitaratu genituen, batez ere Ander Izagirrek Diario Vasco-ko euskarazko Zabalik sailean astero, Josu Iztuetak Egunkarian eta nik Egunkarian eta Argia eta Galtzaundi aldizkarietan. Duela 20 urte teknologia gaur egungoa bezain aurreratua ez zela gogoratu behar da. Bidaia guztien amaieran proiekzio-hitzaldi ugari egin ziren, ehun bat, Euskal Herriko ikastetxe, kultur etxe, mendi elkarte eta abarretan.
EUSKAL DIASPORA ETA PARKE NATURALAK
Ipar Amerikan hilabete egin genuen, iraila-urrian. Death Valley (Heriotzaren Ibarra) da bertako sakonune handiena (-86 m) eta izenak dioen bezala ez da batere atsegina bizitzeko: beroa, lehorra, basamortua, bizi baldintza gogorrak, baita animalientzat ere… Baldintza hauek beste kontinenteetako sakonune gehienetan errepikatuko ziren. Han inguruan dago Agerreberry Point, bertan meatzari lanetan bizitu zen zuberotar bat gogoratuz.
Baina, hilabete batean, Amerikako Estatu Batuetako California, Nevada, Oregon, Idaho, Utah eta Arizona estatuetan egindako 6.000 kilometroetan beste esperientzia asko bizitzeko aukera izan genuen, Death Valleyren aitzakian. Artzain bezala lanera joan ziren euskaldunak, bere ondorengoak eta euskal kulturaren arrastoa ezagutu genuen Renon eta Boisen. Yosemite, Bryce Canyon eta Coloradoko Gran Cañon parke naturalak ikusi genituen, baita Whitney mendia ere. San Francisco eta Las Vegas bezalako hiri handiak ezagutzeko aukera ere izan genuen.
LURRALDE ZABALA ETA ANIMALIA EXOTIKOAK
Australiako bidaia izan zen denboraz luzeena eta kilometro gehien egin genituena. Hilabete eta erdi iraun zuen, urritik abendura, eta irla erdia ezagutuz 12.000 kilometro itzulia egin genuen erositako furgoneta batean, gero berriz saldu genuena. Aurretik Balentin Sidneyn izanda zegoen Olinpiar Jokoetan eta hark egin zuen tratua. Bederatzi lagunok erosoago joan ahal izateko, atzean orga erantsi genion ekipajea eramateko. Hori prestatzen Javier Iriondo legorretarraren etxean izan ginen eta laguntza handia eman zigun. Azukre-kanabera moztera joan zen duela 60 urte, beste euskaldun asko bezala, eta han gelditu zen, baina euskara ederki mantenduz.
Kasu honetan gure helburua Hego Australian zegoen: Eyre lakua (-16 m). Nafarroaren neurriko gatzaga batean kokatua dago, euri gutxi egiten duena, lurrunketa handikoa eta putzuak sortzea salbuespena da. Duela 150 urte ezagutu zen lakua eta gizaki zuriak bost edo sei aldiz bakarrik ikusi omen du ura bertan. Gu joandako urtean euri pixka bat egin zuen eta horren ondorioz lokatz modukoa zegoen.
Lurralde zabala eta berezia da Australia. Bidegurutze batean, bi biztanleko herria topatu genuen, William Creek. Gasolindegia eta taberna dago bertan. Oasi modukoa da basamortuaren erdian. Polizia bakarrak 180.000 km2-ko lurraldearen ardura dauka, Portugal adinakoa, komisaldegiaren atean utzitako oharrean azaltzen duenez. Australiak immigrazio handia izan du, 100 herrialdetako jendea bizi da bertan eta Sidneyn 80 hizkuntza desberdinetako egunkariak daude. Fauna aldetik ere oso berezia da: ornitorrinkoak, kanguruak, koalak, dingoak… eta arazo handia den koneju eta katu plaga. XVIII. mendean Erresuma Batuko kartzeletatik milaka preso eraman zituzten eta bertako aborigenak suntsitu zituzten. Gaur egun gutxiengo baztertua dira, bere hizkuntza eta kultura galduak dituzte eta askotan alkoholismo arazoekin. Ipar Ameriketan indioen erreserbetan ezagututako antzeko egoera bizitu genuen, baina baldintza okerragoetan.
IRRATI BIDEZKO ESKOLA
Alice Springsen Aireko eskola ezagutzeko parada izan genuen: miloi erdi kilometro karratutan zabaldutako 5-12 urteko 120 ikasleri klaseak irratiz ematen dituena. Horrelako 17 zeuden Australian, kasu gehienetan arrantxoetan, faroetan eta horrelako leku urrunetan bizi diren haurrak eskolatzeko. Irakasleek urtean 50.000 km egiten dituzte, tarteka ikasleekin egon ahal izateko. Lanak korreoz bidaltzen dituzte eta astean hiru aldiz klasea dute irratiz, eguneroko lana gurasoen inplikazioarekin ziurtatuz. Urtean behin ikasleen arteko topaketa izaten dute, elkar ezagutzeko. 12-15 urteko ikasleak barnetegi batera joaten dira hirietara.
Ezagutu berri dugun pandemiaren ondorengo konfinamenduan telelanaren bidez funtzionatu dugunean, burura etorri zait maiz haur australiar haien egoera latza. «Etxean egonda, erosotasun guztiekin, kosta egiten da haien egoeran jartzea. Baina, basamortuan zehar gindoazela, ikusten genituen arrantxoetan horrela ikasten zuten haurrak zeudela konturatzea errazagoa zen, bere adineko inor gabe, bere ilusioekin, bere proiektuekin…», dio Josu Iztuetak. Hogei urtetan, aurrerapen teknologikoei esker, egoera hobetuko zela pentsatu nahi dut.
Bidaia honetan beste hainbat leku eta jende ezagutzeko aukera izan genuen baita ere: Sidney, Canberra, Melbourne, Adelaida, Port Augusta, Townsville, Brisbane, Newcastle, koral-hesi handia Queenslanden, azukre-kanabera moztera joandako euskaldunak Inghamen, Newcastlen bizi zen Emilio Dendaluze tolosarra, artile moztaileen lehiaketa, rodeo ikuskizuna, Kosciuszko mendia…
AMERIKA OSOKO PUNTU BAXUENA
Nire azken bidaia, Hego Amerikara izan zen. Iguazuko ur-jauzietan, Brasil eta Argentina arteko mugan, bertan zegoen Nairobitarra hartu eta 6.000 km egin genituen iparretik hegora, Ushuaiaraino, Buenos Aires eta hainbat herri eta probintzia pasatuz, Txilera joanez gero. Hilabetea baino zerbait gehiago iraun zuen, abendua-urtarrilean. Garraiobide erosoena izan genuen, bertan lo egiteko prestatuta dagoelako, baina zorte handirik ez genuen izan matxura eta zulaketekin.
Valdes penintsulako Salinas Chicas agertzen zen mapetan Hego Amerikako sakonune handiena bezala (-42 m), baina Gran Bajo San Julianeko Laguna del Carbon (-105 m) baxuago zegoela konprobatu genuen, Santa Cruz probintzian, Amerika osoko baxuena izanik. Gainera emakume euskaldun baten lurretan aurkitzen da: Margarita Egiluz Mendieta, 10.000 buru zituen ganaduzalea. Ondoren National Geographic aldizkarira gutunak bidali genituen eta datu hori zuzenduta agertzen da jada leku guztietan.
Argentinan ere euskaldunen presentzia handia da, garai baten artzaintzan aritzera joandakoen ondorengoak. Haietako batzuekin izateko eta elkarrizketatzeko zortea izan genuen; besteak beste, Valdes penintsulako Hotel Tolosako jabeak (gero hemen izan ziren), birraitona Bidanikoa zuen Sebastian Letemendia mendizale eta idazlea eta aita alegiarra zuen Nicomedes Iguain, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeko zuzendaria eta Antropologia katedratikoa. Gurdi batekin oinez milaka kilometro egin zituen Guillermo Larregi iruñarraren historia ezagutzea, Valdes penintsulan baleak eta Tierra de Fuegon pinguinoak ikustea, abionetan ibiltzea, Iguazuko ur jauziak eta Perito Moreno bisitatzea izan ziren kontinente honetan bizitutako beste esperientziak.
BESTE HIRU BIDAIA LABURRAGOAK
Proiektua bukatzeko falta ziren hiru kontinenteetan taldeko partaide gutxiago izan ziren eta denbora laburragoa izan zuten bidaiek. Europako punturik baxuenera, Kaspiar itsasoa (-28 m) bost lagun joan ziren maiatzean. Azpiegitura aldetik konplikatuena izan zela azaltzen du Iztuetak: «Moskura hegazkinez, handik Astrakanera trenez 30 orduz, Volga ibaia jaitsi ontziz eta azken zatia furgoneta bat lortzeko langile batzuekin tratua eginez». Hizkuntza errusiarra eta alfabeto zirilikoaren zailtasuna erantsi behar zaizkio. Gainera esperientzia estu, arriskutsua eta umiliagarria bizitu zuten kabiarra lortzen den esturioien trafikoa kontrolatzen zuen militar ustel mozkor batekin.
Asiako Itsaso Hilera (-432 m, munduko sakonena) ere hiru lagun joan ziren, Jordania eta Israel artean, maiatza-ekainean. Nahiko leku turistikoa da, iristeko erraza eta bertako urak duen dentsitateagatik eta gatz kopuruagatik (300 g/l) ur gainean flotatu egiten da. Auto alokatu batekin Jordania iparretik hegora (Petra hiria, Wadi Rum basamortua), Egiptoko Sinai mendia eta Israel ezagutu zituzten eta Jerusalemeko bisita bertan behera utzi behar izan zuten, israeldarren eta palestinarren arteko gatazka oso nahasia zegoelako.
Afrika gelditzen zitzaien, Djiboutiko Assal lakua (-157 m). «Ander eta biok bakarrik gelditzen ginen. Nahiko nekatuta geunden hainbeste bidaiaren ondoren eta alde horretatik nire lehengusua Marijuli (duela sei urte hil zen) pizgarria izan zen, asko animatzeko balio izan zuelako», aitortu du Iztuetak. Ekainean joan ziren hiruak. Hara joateko bisa eta txerto ugari behar izan zituzten. Lurralde osoa da beroa (48 gradu itzalean) eta kat izeneko belarra mastekatzen dute etengabe. Gerra zibila bukatu berria zen eta bakea lortu zuen lehen ministroa elkarrizketatzeko aukera izan zuten. Moja batekin Afar tribuko herri txiki bat ere ezagutu zuten.
Bederatzi hilabete (2020ko irailetik 2021eko ekainera) iraun zuen egitasmoaren ondoren Ander Izagirrek Los sotanos del mundo liburua osatu zuen. «Ez da txarra bizitutako esperientziak kontatu ahal izatea, esperientzia onak badira. Nahi genuelako joan ginen, guk hala erabakita, ez errefuxiatuta edo derrigorrez. Ez da beharrezkoa bidaiatzea. Baina lekuak ezagutzeko eta jendea nola bizi den jakiteko interesa genuelako joan ginen. Eta hori besteentzat ere interesgarria izan daiteke», esan du bukatzeko Josu Iztuetak.