Artola-Rezusta bikoteak hirutik hiru partida irabazi ditu udako torneoan

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 15a, 09:03

CaixaBank Masters torneoaren hirugarren jardunaldia izan dute jokoan eta Artola alegiarrak eta Rezustak osatzen duten bikotea da oraingoz indartsuena, hiru partidetatik hirurak irabazi dituztelako. Azkena, hain justu, Tolosako Beotibar frontoian jokatutakoa, astelehenean. Lau hilabetez profesionalen partidarik hartu gabe zegoen pilotalekua eta Artola-Rezustak 22-10 irabazi zien Peña II.a tolosarrari eta Martijari. Abiadura handiko norgehiagoka jokatu zuten, amaierako emaitzak adierazten duena baino parekatuagoa izan zena.

Eskualdeko pilotarien arteko neurketa ere izan da hirugarren jardunaldi horretan. Jaka lizartzarrak eta Albisuk 22-16 irabazi zieten Altuna III.a amezketarrari eta Imazi, Ceniceron jokatutako partidan. Tanto onak eta ikusgarriak izan ziren neurketan.

Hiru jardunaldi jokatuta, beraz, Artola-Rezusta torneoko buru da hiru garaipenekin. Jaka-Albisu bigarren doaz, bi garaipenekin, Ezkurdia-Aranguren (bi partida jokatuta) eta Bengoetxea VI-Martija bezala. Garaipen bakarra dute Altuna III-Imazek (hauek bi partida jokatuta) eta Olaizola II-Zabaletak. Ez dute garaipenik lortu oraindik Elezkano II-Aretxabaletak eta Urrutikoetxea-Irribarriak.

LAUGARREN JARDUNALDIA

Asteburu honetan laugarren jardunaldia jokatuko da, eta Altuna III-Imaz bikoteak bi partida jokatuko ditu, lehen jardunaldian bertan behera geratu zitzaiena ere jokatuko baitute. Hain justu, Ezkurdia-Arangurenen aurkako partida hori, ostiralean jokatuko dute, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 22:15ean. Laugarren jardunaldiari dagokiona igandean jokatuko dute, Artola-Rezustaren aurka, Zarauzko Aritzbatalde frontoian, 17:00etan hasita.

Partida berezia jokatuko du Jakak asteburu honetan, bere herriko frontoian, Lizartzako Aztinondon, jokatuko baitu. Albisurekin batera, Bengoetxea VI-Martijaren aurka jokatuko dute, larunbatean, 22:15ean hasita. Peña II.a orain arte Bengoetxea VI.a ordezkatzen aritu da, baina leitzarra osatu denez, berak jokatuko du Lizartzako partida.

Jardunaldiko beste norgehiagokak Olaizola II-Zabaleta eta Elezkano II-Aretxabaleta, eta Urrutikoetxea-Irribarria eta Ezkurdia-Aranguren izango dira.

PROMOZIO TXAPELKETA

Bestalde, Binakako Promozio Txapelketari dagokionez, finalerdietako ligaxkako partida erabakigarria jokatzea falta zitzaion Peña II.a tolosarrari. Bere bikotea Aranguren izan da, baina atzelaria CaixaBank Mastersa jokatzen ari da Ezkurdiarekin, eta uko egin dio binakako txapelketari. Hori horrela, Erasun zizurkildarra izango da Peña II.aren bikotekidea uztailaren 24an jokatuko duten partidan. Medranon (Errioxa) izango da eta Zabala-Ruiz izango dituzte aurkari. Peña II-Erasun bikoak partida hori irabaziz gero finalerako sailkatuko da, eta Erasunek ere partida hori jokatuko luke. Labriten izango da finala, abuztuaren 1ean, eta bertan zain egongo da dagoeneko sailkatuta dauden Agirre-Eskiroz bikotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!