Bandera etxean geratu da

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 11a, 22:10

Tolosaldea traineruak ETE ligako lehen jardunaldia irabazi du, eta TAK klubak babestu duen Tolosaldeko I. Ikurrina bereganatu du.

Posible zen, eta azkenean gertatu da. Lehendabizikoz TAK klubak bandera bat babestu du ETE ligan, Tolosaldeko I. Ikurrina izena jarriz, eta Tolosaldea traineruak irabazi du Pasaian jokatutako denboraldiko lehen estropada. Tolosaldea traineruak San Pedro klubaren azpiegiturak erabiltzen ari da aurten, eta bere entrenamenduetako uretan irabazi du bandera, egun biribila osatuz. Hori bai, lau ehuneneko bakarrik atera dio bigarren traineruari, Zumaiari, erlojuaren aurka egin den estropadan.

Oso pozik azaldu da Malen Oiarzabal arraunlaria lortutako banderarekin: "Uretan ez dugu gure bertsio onena eman, eta hor ezjakintasun puntu bat eduki dugu, baina kronoa gure alde egon da eta oso pozik gaude etxeko bandera etxean geratu delako. Helburua hori zen eta hemendik aurrera dena gora egingo dugu". Oiarzabalek gaineratu duenez, "urduritasunak irabazi egin digu, baina defendatu dugu defendatu behar genuena. Denbora oso gutxigatik, baina gure alde joan da". Hurrengo estropadari begira "burua hotz" izan behar dutela dio: "Honek ez du ezer esan nahi. Estropadak banaka borrokatu behar dira".

Lehenengo txandan lehiatu dira Tolosaldea trainerukoak, laugarren lekuan, justu Zumaiaren atzetik. Hasiera batean arraunlariek jaso duten informazioa izan da zumaiarrengandik segundo batera geratu direla. "Buru makur geratu gara", esan du Oiarzabalek, "baina gero esan digute lau ehunenekorengatik irabazi diegula, eta orduan uretan geratu gara bigarren txandan gertatuko zenaren zain. Urduritasun handiz bizitu dugu, eta klubeko lehendakaria pasa da ondotik esanez hortxe geundela, eta gero afizioak esan digu irabazi egin dugula eta eztanda bat izan da". Pozarren daude arraunlariak, baina Oiarzabalek gogora ekarri du datorren asteburuan, Getarian, "berriro zerotik" hasten direla.

Patxi Frances entrenatzailea gustura agertu da garaipenarekin, baina ontzia nahi bezala ez dela joan ere nabarmendu du: "Gure asmoa zen ondo hastea, postu on batekin, eta lehen estropada hau nahi genuen egin, urduritasunak kentzeko. Gaur lehiatu den traineru gazteena izan da gurea eta urduritasuna beti azaleratzen da. Gauzak egiten jakin arren, gero urduritasunekin pixka bat desegin egiten da landutakoa". Bukaeraraino borrokatu dutela gaineratu du: "Oso gutxigatik irabazi dugu, baina irabazlea bakarra izaten da eta guk lortu dugu azkenean garaipena. Zaila izango da postu hori mantentzea ez bagara zentratzen. Taldeak badaki zer egin behar duen, arraun egiten badaki eta orain egin behar duguna da zentratuta egon datozen bi hilabeteetan".

Entrenatzaileak argi du irabazteko "entrenamenduetan bezala egin behar dela arraun. Entrenamenduak oso onak izan dira, baina estropada ez da hain ona izan. Ez dut entrenamenduetako ontzia ikusi, beraz, uste dut oraindik badugula estropadetan hobetzeko aukera. Denboraldi berezia da, eta seguru ontzi guztiak ere pentsamendu berarekin daudela". Hori horrela, gogora ekarri du San Juanek Oriotik arraunlariak jaso dituela, Hibaikak eta Zumaiak kanpotik arraunlariak ekarri dituztela, eta traineru horiek denbora pixka bat beharko dutela taldekideak elkarrekin hobeto moldatzeko. "Bestalde, oso ondo ikusi dut Ondarroa, eta uste dut aurkari zaila izango dela itsasoko estropadetan". Francesek uste du "oso konplikatua" izango dela liga, eta horri begira lan egiten jarraituko dutela.

Sabino Alijostes TAK klubeko lehendakariak berak eman die bandera Tolosaldea traineruko arraunlariei. "Sekulako poza hartu dugu", esan du. "Guk jarri dugu bandera, lehenengo Tolosaldeko Ikurrina izan da, eta guk irabazi dugu. Dena etxean geratu da". Lehenengo txandan izan da urduri Alijostes, bere denboren arabera ikusten zuelako Zumaia segundo bat aurretik zihoala. "Bigarrengo txandan ikusi da tartea bagenuela. Hori bai, harrituta geratu naiz Ondarroa traineruarekin, ondo ibili delako, baina sei segundo atera dizkiogu eta horrelako uretan denbora asko da". Liga hasi besterik ez dela egin ekarri du gogora lehendakariak, eta puntuak pilatzen jarraitu behar dela. Tolosaldea traineruko hainbat zale elkartu da San Pedro klubaren aurrean arraunlariekin bandera ospatzeko.

Horrela izan da sailkapena:

1. Tolosaldea   10.56,74         9 puntu
2. Zumaia        10.56,78         8 puntu
3. Ondarroa    11:02,58          7 puntu
4. San Juan    11:07,48          6 puntu
5. Hibaika       11:11,40           5 puntu
6. Deustu        11:16,28           4 puntu
7. Isuntza       11:18,10            3 puntu
8. Lutxana     11:23,26            2 puntu   (10 segundoko zigorra jaso du)
9. Lapurdi     11:39,32            1 puntu

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!