Etxeko banderaren bila

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 8a, 19:59

ETE ligaren hasiera izango da larunbatean, Pasaian, eta lehenengo aldiz TAK klubak babestutako bandera izango da jokoan: Tolosaldeko I. Ikurrina.

Tolosaldea trainerua lehiatzen hasiko da larunbatean, Pasaian, aurtengo ETE ligaren lehen jardunaldian. Estropada berez berezia izango da, pandemia dela eta udan egiten ari diren beste kirol lehiaketak bezala, baina are bereziagoa izango da eskualdeko klubarentzat, larunbatean jokoan izango baita Tolosaldeko I. Ikurrina. «Guk bandera jarriko dugu aurten, eta zerbait historikoa izango da», esan du Sabino Alijostes TAKeko lehendakariak. «San Pedro klubeko azpiegiturak erabiltzen ari gara eta aurtengo ligetako egoitzetako bat Pasaia denez, bertan egingo den estropada bateko bandera jarri nahi genuen. Larunbatean bandera lortzen badugu, egun biribila izango da».

Sorpresaz hartu zuten arraunlariek etxeko bandera jokoan izango zela jakitea, Malen Oiarzabal taldekideak azaldu duenez: «Aurreko astean bidali ziguten argazkia, eta ez genekien ezer. Konfinamendua eta gero ilusio handia bagenuen uretara ateratzeko, hori jakiteak ilusioa bikoiztu egiten du, eta oso pozik goaz gure lehenengo trapua etxean geratzeko helburuarekin».

Arraunlariak gogoz daude liga hasteko. «Negua luzea izan da eta lehen estropada iristeko gogoz gaude», esan du Oiarzabalek. Hiru aste pasa dira uretara sartu ahal izan zutenetik, eta nabaritzen ari dira asteotan egiten ari diren lana. «Fisikoki inoiz baino hobeto dago taldea, etxetik lan aerobiko asko eginda gatoz eta. Teknika hor dugu, denak etxeko arraunlariak garelako, eta inoiz baino gogo handiagoz gaude, eta amorrazio puntu batekin. Gure hoberena ematera joango gara eta ea lehenengo etxeko bandera lortzen dugun», azaldu du Oiarzabalek.

Erlojuaren aurka izango da estropada eta hori taldearen onerako izan daitekeela esan du Oiarzabalek: «Talde gaztea gara oraindik eta batzuetan urduritasunak ondorioak uzten ditu. Erlojuaren kontra ateratzen garenean, oso gure modura ateratzen gara, beste inorengan pentsatu gabe». Estropada eremua ezagutzen dute, Pasaiako badia, bertan entrenatzen baitute. «Ez dakit abantailarik emango digun, baina segurtasuna bai. Erreferentzi puntuak baditugu eta lehenengo bandera bertan irabazi genuen».

Beste taldeak nola egongo diren ez daki zehazki Oiarzabalek. San Juan eta Hibaika egunero ikusten dituzte, eremu berean entrenatzen dutelako. «Talde bizkaitarrak ez dakigu nola dabiltzan, eta Zumaia ere ez», esan du. «Gu gure lana egitera aterako gara, eta denborak jarriko du bakoitza bere lekuan». ETE ligako estropada 18:15ean hasiko da, eta minutu bateko ezberdintasunarekin aterako dira traineruak, bi txandatan. Lehen txandan aterako dira Tolosaldeakoak, laugarren postuan.

URETARA EGOKITZEA, GAKOA

ETE ligakoekin batera ariko dira gizonezkoen KAE 1 eta KAE 2 ligakoak. Hauek ere erlojuaren aurka ariko dira, eta KAE 2 ligakoak 17:00etan hasiko dira eta KAE 1 ligakoak 19:15ean.

KAE 1 ligan eskualdeko 11 arraunlari daude, sei taldetan banatuta. KAE 2 ligan hiru arraunlari, bi taldetan. Anjel Larrañaga tolosarra KAE 1eko Orio traineruaren prestatzailea da, hau da, klubeko bigarren taldearena. «Aurtengo prestaketa lanak, konfinamendua tarteko, konplikatu samarrak izan dira», esan du. «Oso banakako lana izan da, eta orain denboraldia martxan jarrita, hilabete batean urte guztian zehar egin gabeko lanak nolabait uztartzen ari gara eta ea asmatzen dugun talde lan hori osatzea».

Arraunlariei egoera berezi honek nola eragingo dien jakitea ez dagoela argi azaldu du prestatzaile tolosarrak: «Mutilek ondo entrenatu dute, baina beti geratzen da zalantzaren bat. Urte guztian entrenatuta badakigu zenbat kostatzen den sasoi puntu hori harrapatzea, eta, orain, banaka entrenatuta, gure kezka handiena da talde lanean nola erantzungo duten». Fisikoki orokorrean egoera ona izango dela uste du Larrañagak, baina lana lehorrean egin dela eta estropadak ur gainean jokatzen direla ekarri du gogora. «Ondoen egokitzen denak abantaila puntu bat izango du», gaineratu du.

Bere traineruaren helburua goiko postuetan egotea dela dio Larrañagak. «Helburu nagusia behetik datozen mutilei jarraipena ematea da. Freskotasun horrekin, arraunketa osatuz eta goiko taldeari begira, uztarketa lan bat egin lehen taldearen eta bigarrenaren artean», zehaztu du tolosarrak. Talde historikoak ikusten ditu lehen postuen lehian Larrañagak: «San Juan, San Pedro eta Pedreña hor izango dira. Ezin da ahaztu Getaria, gazteekin behetik gora datorrena, eta Bizkaitik Deusto, bere lanak ondo eginda dituena». 

ESKUALDEKO TALDE ETA ARRAUNLARIAK

ETE liga

Tolosaldea. Aiora Sorozabal (Orexa), Andrea Zumeta (Tolosa), Ane Zelaia (Alkiza), Ane Egues (Elduain), Arene Portularrume (Aia), Eider Zubeldia (Amezketa), Estibaliz Segurola (Tolosa), Irati Hernandez (Tolosa), Irati Lizeaga (Tolosa), Itsaso Aizpurua (Zizurkil), Izaskun Sarasola (Asteasu), Laiene Izagirre (Berrobi), Maddi Urdapilleta (Amasa-Villabona), Malen Oiarzabal (Tolosa), Mireia Vicente (Anoeta), Naroa Becerril (Tolosa), Naroa Leonet (Tolosa), Uxue Zuriarrain (Amezketa), Uxune Urkia (Idiazabal), Itsaso Aranburu (Tolosa), Eider Barba (Hernani), eta Francisco Frances entrenatzailea (Donostia).

Zumaia. Andrea Olazabal (Tolosa).

KAE 1 liga

Donostiarra. Andoni Bartolome (Tolosa), Endika Garcia De Iturraspe (Tolosa) eta Nabil Haimane (Tolosa).

Getaria. Joseba Otaegi (Zizurkil).

Orio. Gorka Toledo (Tolosa) eta Anjel Larrañaga entrenatzailea (Tolosa).

San Juan. Endika Agirre (Tolosa), Andoni Leunda (Villabona) eta Garikoitz Lopetegi (Villabona).

San Pedro. Imanol Olasagasti (Aduna) eta Mañel Salvarredi (Berastegi).

Zumaia. Daniel Ariztimuño (Tolosa).

KAE 2 liga

Hondarribia. Haritz Ugartemendia (Villabona).

Zarautz. Iosu Arregi (Ibarra) eta Ion Jauregi (Berrobi). 

EGUTEGIA

  • Uztailak 11. Pasaia.
  • Uztailak 19. Getaria.
  • Uztailak 25. Getaria.
  • Uztailak 26. Pasaia.
  • Abuztuak 8. Getxo.
  • Abuztuak 9. Getaria.
  • Abuztuak 15. Santander.
  • Abuztuak 16. Santander.
  • Abuztuak 22. Getxo.
  • Abuztuak 23. Getxo.
  • Abuztuak 29. Castro Urdiales.
  • Abuztuak 30. Castro Urdiales.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!