1985. urteko uztailaren 7an, San Fermin egunez, Imanol Larzabalek Martuteneko espetxean emandako kontzertua baliatuz, bozgorailu batean ezkutaturik ihes egitea lortu zuten bi presok. Iñaki Pikabea Piti eta Joseba Sarrionandia Sarri ziren. Gertaera haren omenez, gerora, Sarri, Sarri kantua idatzi zuten Fermin Muguruzak eta Josu Landak.
Abestiaren zati batean, honela dio letrak: «Iruñeko entzierroa desentzierroa hemen, zapi gorriak zerua du estaltzen». Ihesaldiari erreferentzia egiteaz gain, data ere kontuan hartzen du. Aurten, hain justu, 35 urte bete dira Euskal Herriko historian markatuta geratuko den ekintza hura gertatu zela. Asteartean izan zen San Fermin eguna, eta berez, astelehen eguerdian lehertuko litzake aurtengo suziria. Hala ere, COVID-19aren pandemiak eraginda, eta jende pilaketak ekidite aldera, ez dira sanferminak ospatzen ari Iruñean.
Zapi gorriak ez du zerua estali aurten, ezta leporik apaindu ere. Bai, ordea, balkoiak, udal eraikinak edota taberna atariak. Halaber, Iruñetik kanpo ere nabari da San Fermin gosea. Tolosan, adibidez, orain arte egunero 08:00tan jaurti izan du txupina Migel Angel Bermudez herritarrak, entzierroaren hasiera markatuz. Aurten ere gauza bera ari da egiten. Bermudezez gain, eskualdean badira Iruñeko jaiak modu berezi batean bizi izan dituztenak ere. Hori da, hain zuzen, Ander Lizarralde, Aitor Tello eta Iker Dorronsororen kasua. Sanferminak bizitzeko arrazoi bera ez izan arren, moduak elkartzen ditu, bertatik bertara bizi izanagatik. Guztientzat, gainera, «bereziak» dira.
Zezenek erakarrita, baina baita giroak ere
Izkingilea da Ander Lizarralde. Iaz, Sanferminetako Izkingileen Uztai Txapelketa irabazi zuen billabonatarrak, Joanes Balenziaga azkoitiarrarekin bikotea osatuz. «Duela bi urte ere joatekoak ginen, baina bi aste lehenago zezen batek harrapatu ninduen eta azkenean ezin izan nuen parte hartu». Aurten ere, joateko ilusioz zeudela aitortzen du.
Argi dago, beraz, gustuko duela zezena gertu sentitzea, zezen munduak erakartzen duela. «Iruñekoa da zezen festa handiena», nabarmentzen du. «Zezenketak ikustera joan izan naiz beti, baita entzierroak ikustera ere, baina behin ere ez naiz lasterka egitera animatu». Zezenak ikustera joateaz gain, ahal dela, urtero joaten da festa giroaz gozatzera. «Urte guztia igarotzen dugu Nafarroan, eta bertan nahiz Zaragozan jokatzen dira txapelketa gehienak. Lagun ugari egiten ditugu, eta gero, sanferminetan elkartu izan gara».
Garai hauetan, 08:00ak baino lehen Estafeta kalearen amaiera aldera egon ohi da Aitor Tello Ikaztegietan bizi den entzierroetako korrikalari lazkaotarra. 20 bat urte dira lehen aldiz Iruñera joan zela, Zegamako festa batzuetan grina piztu ondoren. «Goizero jartzen zituzten zezentxoak, eta inguruko herrietara ere joaten nintzen. Azkenik, entzierroetan proba egitea pentsatu nuen».
20 urtez, egunero atera izan da lasterka. «Astegunetako entzierroetan, azken zezena pasa orduko, hesiaren bestaldera jauzi egin eta autoa hartuta lanera itzultzen naiz». Inoiz ustekabekorik izan duen edo ez galdetuta, «ez dut adarkadarik jaso, baina lesioak izan ditut», dio. Era berean, jendea ezagutzeko modua dela aitortzen du. «Egunero jende berarekin toki berean egiten duzu topo, entzierro aurretik edo ondoren hizketan hasten zara, eta azkenean, lagunak egiten dituzu».
Tellok, gainera, ez du beste inongo entzierro edo sokamuturretan parte hartzeko ohiturarik. Iruñeko entzierroak izaten ditu begiz jota. Baina, ez entzierroengatik bakarrik, asko maite baitu bertako giroa. «Niretzako festa onenak dira». Aurten ere bertan egoteko asmoa zuen. «Arraroa izaten ari da, baina azken bi urteetan ere joan ez naizenez, ez da ezer berria».
Musika ogibide, eta parrandarako helduleku
Bestalde, Iker Dorronsorok musika du pasio, eta Iruñeko Alde Zaharreko kaleak dultzaina doinuz betetzera joaten da, eskualdeko dultzainero gehiagorekin, Haizaldi taldeak gonbidatuta. Besteak beste, erraldoiekin ateratzen dira kalejiran, baina une bereziena txupinazo garaian Gazteluko Plazan biltzen direnekoa dela dio. «Ederra izaten da, ehun bat musikari biltzen garelako».
Horrez gain, lagun nahiz senitartekoekin festa giroaz gozatzera ere joan izan da belauntzarra. «Jende oso ezberdina biltzen da, baina festa giro beraren bueltan». Kaleko zuzeneko musika saioak, txupinazo garaia, Haizaldikoekin egiten duten bazkaria edota iluntzeko txarangen jaitsiera dira bere unerik gogokoenak. «Aurtengoen hutsunea sumatuko dut, noski», aitortzen du.