«Jada autobusa ez da existitzen, izenean bakarrik dago»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko uzt. 10a, 11:59

Josu Ozaita Azpiroz antropologoak 'Sanferminetako azken erritua: Villavesaren entzierroa' liburua argitaratu berri du; 2016. urtean egin zuen ikerketa hamar egun Iruñean izanda.

Sanferminak gustuko ditu Baliarrainen bizi den Josu Ozaita Azpiroz (Ibarra, 1980) antropologoak. Aurten ez da horrelakorik izango, baina Villavesaren entzierroak arreta deitu, eta ikerketarako gai bilakatu zuen 2016an. Orain, esku artean du liburuan argitaratuta Sanferminetako azken erritua: Villavesaren entzierroa lana. Anaia antropologoa lagun hartuta ibili zen Iruñean festan murgilduta, behaketa lana egiten. Parrandari «ezetz esatea» egin zitzaion gogorrena.

Zergatik aukeratu duzu ikerketarako Villavesaren entzierroa?

San Fermin zalea naiz eta urtero joaten gara. Azken egunaren ostean, 15ean, urtero ikusten nuen erritu edo ohitura bat zutela zabaltzen diren bideoen bitartez, eta harrituta geratzen nintzen. Jendearen esanetan edo komunikabideetan zabaltzen den mezua 'baldarkeria' da; festak amaitu nahi ez izatea bezala, mezua sinplifikatuta. Antropologo moduan beti aritu izan gara festak eta errituak aztertzen, eta sakonago aztertu nahi nuen. 

Egona zinen Villavesaren entzierroan?

Ez, bakarrik komunikabideetan jarraitzen nuen.

2016an egin zenuen ikerketa, eta orain, UEUren eskutik 'Sanferminetako azken erritua: Villabesaren azken entzierroa' liburua argitaratu berri duzu. Nolatan?

Masterra egin nuen EHUn eta master amaierako lana zen ikerketa. Lana egitea gustatzen zait, behaketa parte hartzailea eta elkarrizketak egitea. Denbora asko ez nuen, eta sanferminak zen aukera bat zerbait intentsua egiteko; hamar egunetan dena pilatzen da. Masterreko lana aurkeztu nuen, eta tiraderan geratu zen. Gerora UEUren eskutik liburuak argitaratzeko deialdi bat atera zen, eta aurkeztu egin nuen. Aurten publikatu egin dute.

Zer da Villavesaren entzierroa?

Sanferminak, berez, uztailaren 14an gaueko hamabietan amaitzen dira Gaixoa ni (Pobre de mi) ospakizunarekin. Udaletxean alkatea ateratzen da, eta bukaera bezala ematen zaio. Baina hurrengo egunean, 08:00etan, gaupasaz daudenak entzierroaren ibilbidearen hasieran elkartzen dira, eta entzierroaren ibilbidea egiten dute. Orain, zezenaren ordez Migel Indurainez jantzita dagoen pertsonaia batek egiten du zezenarena.

Eta zer dela eta Villavesa?

Iruñerriko autobusak dira. Duela 35 urte hasi ziren gaupasaz zeuden pertsonak autobusaren aurretik korrika. Ohitura bihurtu da. Gaupasaz zeuden batzuk burutazio edo harrikada bat izan zuten, eta autobusaren aurretik korrika hasi ziren.

Ikerketa egiteko 2016. urtean hamar egunez Iruñean egon zinen. Zein izan zen zure lana?

Villavesaren entzierroa ordu erdi batekoa da, baina nik hamar egunak sanferminetan egoteko erabakia hartu nuen festan barneratzeko. Txupinazoan plazan bertan egon ginen. Behaketa parte hartzailea izan zen, bertan egon, apunteak hartzen nituen mugikorrean, eta gero etxera joan eta guztia ordenagailuan idazten nuen. Hurrengo egunean prozesioa, zezenetara,... kalean egon eta bertakoa bizitu, eta peñekin egon...

Sanferminek dituzten momentu guztietan ibili zinen?

Bai, hori da. Villavesaren entzierroa bakarrik hartzen baduzu ikusiko duzu erokeria bat dela. Baina San Fermin festa guztia bizitzen baduzu, ikusten duzu ez dela hainbesterainoko erokeria. San Fermin guztiek dute erokeria puntua eta inauterien ukitu hori.

35 urte pasa dira. Zein bilakaera izan du?

1985. urtean hasi ziren, eta urtero errepikatzen joan dira ohitura bilakatuz. Udalak autobusaren ibilbidea aldatzea erabaki zuen. Udalak ez zuen nahi ohitura horrek jarraitzerik, baina entzierroak jarraitu egin zuen. Orduan kalean zebilen banatzaile edo okinaren furgonetaren aurretik hasi ziren korri egiten. Urte batean peña batek atera zuen furgoneta. Eta 1997. urtean pertsonaia bat agertu zen: Migel Indurain. Txirrindulari bat maillot horia jantzita. Gerora pertsonaia ezberdinak agertzen joan ziren: santua, poliziaren kargak,...

Zer dela eta agertzen dira pertsonaia ezberdinak?

Nik uste dut zailtasunak zeuzkatela zezena ordezkatzeko, eta orduan atera zen Indurain. Ez da kasualitatea. Migel Indurain oso garrantzitsua izan da Nafarroako historian; jende guztia elkartu duen sinboloa izan da.

Antolakuntzarik badu?

Ez du antolakuntza handirik. Talde bat elkartzen da eta pertsonaiak egiten dituzte. Indurain bada urtero errepikatzen dena. Performance baten modukoa da, eta joaten den edonor bertako parte bihurtzen da. Gaupasaz joaten bazara, zu ere bertako aktore bat zara. Edota jaikita dagoen edozein ere parte da; kontraste bat sortzen da.

Ezinbesteko bilakatu da?

Ofizialki izan ez arren, esan dezakegu sanferminak ixteko erritu bilakatu dela.

Zerk harritu zaitu?

Itxuraz baldarkeria ematen du, baina gauza sinple bat eman arren, benetan oso konplexua dela konturatu naiz.

Zergatik?

Aztertu ondoren ikusi dut narrazio ezberdinak kontatzen dituztela. Ikono modukoa izan den Indurainen memoria gordetzen da, eta horren transmisioa egiten da. San Fermin santua mozkorra dago, eta gazte ikuspuntutik egiten den interpretazioa da. San Fermin ez da katolikoa, baizik parranda ordezkatzen duena. Herrikoia ere bada, eta jendeak ke potoak botatzen ditu kalea kez betez, eta jendea aurpegia tapatu eta oihu politikoak botatzen hasten da. Iruñeko Alde Zaharrean orain dela urte batzuk zegoen egoera politikoa erakusten du; gazte eta polizien arteko kale istiluak. Txarli tximinoa ere badago, eta hau 80. hamarkadan Takonerako parkean egoten zen. Ezaguna egin zen nahiko bihurria zelako, eta memorian geratu da erritu honekin. Nahigabe edo nahita Iruñearen historia kontatzen du pixka bat.

Ondorioren bat bada?

Tradizioak beti daude mugimenduan. Beti imajinatzen ditugu zerbait estatiko moduan, eta denbora guztian aldatzen daude, eta hau da adibide garbia. Autobus batekin hasi ziren, baina jada autobusa ez da existitzen. Izenean bakarrik dago. Mugimenduan dagoen eta aldatzen ari den ospakizun bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!