Gaztetxeen defentsa berrartu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko uzt. 4a, 20:57

Tolosaldeko Gazte Fronteak deituta, elkarretaratzea egin dute Tolosako Euskal Herria Plazan, Tolosako Ezpala eta Zizurkilgo Kaxilda gaztetxeen defentsan. "Salbuespen egoerak, jardun politikoa oztopatu duela" salatu dute, baina "borrokarako eta antolakuntzarako prest" agertu dira.

Tolosaldeko Gazte Fronteak otsailean eman zuen irekiko zuen borrokaldiaren berri; desjabetze arriskuan zeuden eskualdeko bi gaztetxeen defentsa modu kolektiboan emango zuela iragarriz. Astelehenean hiru hilabete beteko dira Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea desalojatu zutela. COVID-19aren pandemiak eragindako ezohiko egoera zela eta, defentsa bertan behera uztea behartu zituen mugimenduko kideak. Ezpalari dagokionez, epaiketaren zain daude oraindik; ekainean zen berez egitekoa, baina atzeratu egin dute.

Aurreko astean argitaratu zuten bideo batean, gaztetxeen egoera azaldu eta "borrokaren berraktibatzea" iragarri zuten. Gaur, berriz, elkarretaratzea egin dute Tolosan, Elkartasunaren indarrez, desalojoari aurre! lelopean. Dozenaka gazte bildu dira Euskal Herria Plazako ekitaldian, eta egoerak hala eskatuta, segurtasun neurriak bete dituzte guztiek ere.

Antolatzeko beharra

Iazko urrian sortu zuten mugimendua, “indarrak batuz eta jardun kolektiboak bultzatuz, gazteria langile kritiko eta politizatua eratzeko asmoz”, diote. "Orain, krisialdi gogor batean gauden honetan, langile antolakuntzaren beharra dugu", azpimarratzen dute.

Tolosaldeko Gazte Fronteko kideek dei egiten diete eskualdeko langile guztiei, "bi gaztetxeak defendatzeko borrokan parte hartu eta elkartasuna adierazteko. Horrez gain, gazte langileoi eragiten diguten problematika ezberdinei kolektiboki aurre egin ahal izateko Tolosaldeko Gazte Frontea tresna bezala erabili eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dugu".

"Zizurkilgo Udalaren jarrera pasiboa"

Arestian aipatu bezala, eta argitaratutako bideoan gogorarazten dutenez, martxoaren 6an hustu zuten Kaxilda. Espazioa bera baino, “bertan garatutako proiektu politikoa" azpimarratzen dute gazteek; "espazioaren gaineko langile kontrola garatuz, gure bizitzen gaineko kontrola irabaztea helburu zuena”.

Aldi berean, espazioaren auziari lotuta, "Zizurkilgo Udalak izandako jarrera pasiboa" salatzen dute, eta bide batez, “garrantzitsutzat” jotzen dute Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen sorrera. "Birjabetutako espazioak defendatzeko, autodefentsa antolatzea beharrezkoa da", nabarmentzen dute.

Eskainitakoa, desegokia

Egun, negoziaketa mahai bat irekita dute udalarekin, non gaztetxe baten erabilera emango zaion espazio baten eskaera egin duten. "Orain, udalaren erantzuna jaso dugu, lokal bat eskainiko digula esanez. Gune horrek, ordea, ez ditu guk eskatutako baldintzak betetzen, besteak beste, bere kokapen desegokiagatik, gure jardun politikoa aurrera eramateko dituen ezaugarri fisiko desegokiengatik edota ezarri dizkiguten erabilera baldintzengatik".

Udalak espazio baten eskaintza burutu izana, Tolosaldeko Gazte Frontetik aurrera eramaten ari garen borrokaren emaitza bezala ulertzen dute gazteek. "Espazioak ez ditu gure jarduna aurrera eraman ahal izateko beharrezkoak zaizkigun ezaugarriak betetzen. Zizurkilgo Udala ere jakitun da baldintzak desegokiak direla guretzat, baina hala ere, lokal hori onartzea erabaki dugu. Izan ere, ez dugu beste inolako espaziorik Aiztondo bailaran". Halaber, behar dituzten eta eskatzen dituzten ezaugarriak betetzen dituen espazio bat lortu arte borrokan jarraituko dutela aitortu dute.

Ezpala: huste arriskuan, baina berregokitzen

Tolosako Ezpala gaztetxeari dagokionez, jabeak salaketa jarri ostean, ekainerako finkaturik zegoen epaiketa atzeratu dute. Egoera honetan, eta beste data baten faltan, “prozesu judizialari buruzko ezjakintasuna" dutela adierazi dute. Dena den, "antolatzen eta borrokatzen jarraitzeko prest” daudela diote. 

Azken hilabeteetan, Ezpalaren "berregokitze lanetan" aritu dira. Horri lotuta, "GKSk bertan antolatu zuen auzolan jendetsua" dute hizpide, “espazioaren egoeran salto kualitatibo handia ekarri zuela” diotelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!