Pello Mari Otaño beka, 'Aiztondoren zirtotsari'

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 2a, 11:00

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak aurkeztu du proiektua. Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa bildu eta ikertuko dute, eta haren aplikazioa proposatuko dute, Aiztondoko ikastetxeetan landu dadin.

Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa izeneko lanak lortu du Pello Mari Otaño beka. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak sinatu du proposamena; zehazki, Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Mikel Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal kideek.

Ikerlan proposamenak bete-betean egiten du bat bekaren helburuarekin. "Aiztondon zirtoak ahozko genero gisa izan duen tradizioa biltzea eta bere baitan esanguratsua izango den bilduma egitea" du helburu, eta "honela, orain arte sakabanatua eta itzalean agertu izan den genero honen balioa aldarrikatzen da, eta bere baitan ikergai esanguratsua izan daitekeela aitortu". Bilduma egite hutsarekin aski ez, eta ahozko ohitura horren transmisioak kezkatuta dituenez, ondare hori ikasleek ezagutu eta balia dezaten aplikazio bat ere proposatuko dute egileek, hezkuntza arautuan zein bertso-eskolatan landu dadin.

Balorazio ona

3.000 euroko ordainsaria eskuratu du ikertzaile taldeak lana urtebeteko epean garatzeko. Udan Aiztondoko zirto tradizioa arakatzeko eta biltzeko lana egingo dute. Ondoren, zirtoa ikastetxetan ezagutzeko eta lantzeko proposamen didaktikoa diseinatuko dute; eta, segidan, proposamen didaktikoaren aplikazioa egingo da bailarako bertso-eskoletan. Guztia dokumentatuko da.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak elkarteak egin zuten deialdia, Zubimusu ikastolaren eta Hernandorena kultur elkartearen babesarekin. Deialdiaren helburua Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa ziren. Hala, antolatzaileok proiektu saridunaren oso balorazio ona egiten dute: Aiztondoko ondarea biltzeaz eta ikertzeaz gainera, egungo ahozko sormen eta komunikazio beharrak hezkuntzan lantzeko balioko du, proiektuak proposatzen duen aplikazio didaktikoaren bidez. Ikertzaileak ez ezik irakasleak izatea ere baloratu zen, eta baita ikertzaile bakarra izan beharrean, taldea izatea ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!