Zalduko zelaietatik barrena

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 2a, 19:59

Ibilaldi lasaia egiteko aukera ematen du Asteasuko Elizmendi auzotik Zizurkilgo Elbarrena auzoraino doana. Herriguneko plaza bitarte batez ere, naturaz eta paisaiaz ederki gozatu daiteke.

Tolosaldeak baditu ingurune aski ezagunak, eta beste batzuk ezkutuan daudenak. Azkenetakoa da Asteasuko Elizmendi auzotik Zizurkilgo herrigunea bitartean dauden Zalduko zelaiak.

Ibilaldia Asteasuko autobus geltokitik hasiko da. Aiara doan errepidea gurutzatu ondoren (kontuz autoekin), Agoteenea etxearen eskuinetik hartu eta Elizmendirantz jo behar da. Agerrebekoa eta Agerremendi baserrien aurrean dagoen panelak erakusten duenez, tartetik doan bidea hartu behar da, Amusiturri baserrira iristeko.

Bide hori hartzerakoan pixkana naturan murgiltzen garela sentituko dugu. Begien aurrean berdea izango da nagusi. Behin Amusiturri baserrira iritsitakoan, azpitik doan pista jarraitu eta ezkerrera egiten duena hartuko dugu, Amusiturri erreka gurutzatzeko. Ingurune lasaia da.

ALDAPARIK PIKOENA

Erreka gurutzatu ondoren hasten da ibilbideko aldaparik pikoena. Hori bai, ez da oso luzea, eta aldaparen bukaerara iristean ikusten den paisaiak merezi du esfortzua. Aldapak Sagargaztegi baserri azpiraino eramaten du, eta hor bidea ezkerretara hartu behar da. Berehala, Zalduko zelaiak agertuko dira, aldaparen bestaldean. Horixe izango da ibilbidearen hurrengo zatia. Aurretik, baina, Unbaranbe baserri aldera goazela, Elizmendi auzoa agertuko zaigu begien aurrean, eta urrutiago eta ezkerrerago, Larraul. Eguraldiak laguntzen badu, Larraulen gainean Hernio mendia eta bere mendilerroa ikusteko aukera izango da.

UNBARANBE BASERRIA

Unbaranbe baserrira iritsi aurretik, eskuinera eta behera doan bidezidorra hartu behar da, Zalduko zelaietara. Eremu zabala eta lasaia dira Zalduko zelaiak. Horiek zeharkatu ondoren, Zaldu baserri parera iritsiko da ibiltaria. Zizurkildik datorren bidea eskuinetara hartu eta emeki-emeki Zizurkilgo herriguneko plazara iritsiko gara. Bertan dago Donemiliaga eliza eta bere Zimiterioa. Azken horrek, pilotalekua du eta askotan izaten da herritarren topagune.

Elizaren aldamenetik igaro eta Elbarrena auzora doan errepidea hartu behar da. Ezkerretara zenbait etxe ikusiko dira, eta tartean San Migel baseliza. Alde horretara egingo dugu, eta gero eskuinera hartuko dugu errepidearen paralelo doan pista. Berriz bat egingo dugu errepidearekin, eta behin bidegurutzera iristerakoan,eskuinera hartuko dugu, Zizurkilgo Elbarrenan sartuz.

Biribilgunera iristerakoan, Villabonarantz hartuko dugu. Trenbide azpitik igaro ondoren, eskuinetara joan eta tren geltokira helduko gara, ibilbidea amaituz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!