Estropaden ordua iritsi da

Imanol Garcia Landa 2020ko uzt. 1a, 20:00

Arraun denboraldia hasiko da Eusko Tren eta Eusko Label ligekin, larunbatean; eskualdeko zortzina arraunlari izango dira lehian liga bakoitzean.

Larunbatean jarriko dira martxan Eusko Tren eta Eusko Label arraun ligak. Emakumezkoen goi mailako Eusko Tren Ligako lau traineruetan eskualdeko arraunlariak izango dira, guztira zortzi. Arraun Lagunaken Maider Zumeta Ibartarra eta Ane Sanchez anoetarra, biak Tolosaldea trainerutik atera direnak. Donostiarran Nerea Lopez tolosarrak eta Naroa Urkola anoetarrak jarraitzen dute, eta Ioana Alijostes eta Irati Larrañaga tolosarrak gehitu zaizkie, urtebetez arraunean ibili gabe egon ondoren. Hondarribian Nerea Perez tolosarrak jarraitzen du, eta Orion bere bidea egiten jarraituko du Ohiane Iraola tolosarrak.

Gizonezkoen Eusko Label Ligan hainbat aldaketa izan dira, eta aurten eskualdeko zortzi arraunlari egongo dira. Donostiarran lehen urtea dute Joseba Larrarte billabonatarrak, Zierbenatik atera dena, eta Endika Lopez tolosarrak, Hondarribiatik joan dena. Hondarribian Jon Lizarralde tolosarrak jarraitzen du. Ondarroan Mikel Lasa tolosarra, San Pedrotik aterata, eta Eneko Zabala adunarra daude, azken honek Kaikutik baja emanda. Zarautz iaz igo zen goiko ligara, eta bertan daude Ion Jauregi eta Xabier Ormazabal tolosarrak eta Martin Rekondo larrauldarra. Bi baja ere izan dira iaztik: Orion zegoen Ugaitz Mendizabal irurarra, aurten ez dena arraunean lehiatuko, eta Garikoitz Lopetegi billabonatarra, Zierbena utzi eta KAE 1 ligako San Juanera joan dena.

Gogoz daude Ohiane Iraola eta Jon Lizarralde arraunlariak asteburua iristeko. Coruñan bi estropada jokatuko dituzte, larunbatean bat eta igandean bestea. «Berez garai hauetan gogoz egoten gara, baina aurten gogo bikoitzarekin gaude», esan du Iraolak. Lizarraldek gaineratu duenez, «etxe barruan edo garajean sartuta egon ondoren, orain askatasunarekin zuri gehien gustatzen zaizun kirola egitea... Nire kasuan behintzat gogoz nago hasteko».

Orio traineruko arraunlariak konfinamendua modu «arraroan» eraman duela esan du: «Hasieran, ondo asimilatu gabe, iruditzen zaizu ez zarela errealitate bat bizitzen ari. Ematen zuen pelikula batean sartuta zeundela. Denbora aurrera joan heinean jabetu nintzen ez zela horrela, eta etxean entrenatu behar duzula, eta baldintza horiekin tarteka oso gogorra egin da. Baina, azkenean, esan daiteke nahiko ondo eraman dudala».

Hondarribiako arraunlariak denboraldia beranduago hasi zuen, auto istripu bat izan ondoren. «Gero konfinamenduak denboraldi-aurreko parte garrantzitsuena kendu digu, hor lantzen baitugu teknika», esan du Lizarraldek. «Tonu fisikoa mantendu dugu, baina alor teknikoan galera izan dugu. Halere, urte asko jarraian batera gauden taldea gara eta blokea mantendu dugu».

«ESTROPADAZ ESTROPADA»

Taldekideekin berriro elkartzea «nahiko xelebrea» izan zela dio Iraolak: «Nahiz eta hiru hilabete elkarrekin arraunean aritu gabe egon, iruditzen zitzaigun duela astebete elkartu ginela uretara joateko. Hori bai, urduri ere bageunden». Lizarraldek gogora ekarri du eskuak eta ipurdi masailak berriro ere egokitu behar izan dituztela: «Eskuak ohitu gabe maskurrak joan egiten zaizkizu, eta azkenean eskuan eta ipurdian zauri batzuekin izan gara, baina dagoeneko maskurrak eginda dauzkagu».

Taldea gogotsu eta indartsu ikusten du Orioko arraunlariak. Egunetik egunera euren buruarengan konfiantza handiagoa dutela dio, eta hori dela garrantzitsuena. Eusko Tren Liga nola joango den ez dakiela dio Iraolak: «Ez dakit beste taldeak nola dauden. Guk ditugun azkeneko erreferentziak neguko estropadetakoak dira. Azkena martxo hasieran jokatu genuen, eta ez dakigu besteak nola egongo diren». Taldeen osaketan izan den aldaketa handiena Donostiarra traineruan izan da, lehen San Juanen aritzen ziren zenbait arraunlari bertara joan direlako, tartean Alijostes eta Larrañaga tolosarrak. «Gehitu den taldetxo horrek Donostiarrari beste puntu bat emango dio», esan du Iraolak, «gehienbat eskarmentu handiko arraunlariak direlako eta taldea eramateko gaitasun hori dutela iruditzen zait». Oriok irabazi zuen iaz liga eta baita Kontxako Bandera ere. «Aurtengo egoera dela eta, ez dugu iaz gertatukoari begira egon nahi. Gu estropadaz estropada joango gara», esan du Iraolak.

Bere trainerua ondo dagoela dio Hondarribiko arraunlariak. Eusko Label Ligan aurreneko postuetan iazko berak izango direla uste du Lizarraldek: «Inori mespretxurik egin gabe, nire ustez Orio, Santurtzi eta Zierbena izango ditugu aurkari nagusienak. Emozio handiko liga izango da eta espero dugu gure aldera erortzea». Iaz liga Oriok irabazi zuen eta Hondarribiak eraman zuen Kontxako Bandera. «Denon ilusioa da liga eta Kontxa irabaztea. Estropadaz estropada joango gara, eta Kontxako Bandera iristerakoan bereziki prestatuko dugu».

Koronabirusaren aurkako protokoloarengatik estropadetan neurri bereziak hartuko dituzte arraunlariek. Horrek ere zaleei eragin ei die, eta giroa hotzagoa izan daiteke. «Arraroa egingo zaigu, baina lehiatzeko grina mantenduko dugu», dio Iraolak.

ESKUALDEKO ARRAUNLARIAK

Eusko Tren Liga

Arraun Lagunak. Maider Zumeta (Ibarra) eta Ane Sanchez (Anoeta).

Donostiarra. Olatz Lopez (Tolosa), Naroa Urkola (Anoeta), Ioana Alijostes (Tolosa) eta Irati Larrañaga (Tolosa).

Hondarribia. Nerea Perez (Tolosa).

Orio. Ohiane Iraola (Tolosa).

Eusko Label Liga

Donostiarra. Joseba Larrarte (Villabona) eta Endika Lopez (Tolosa).

Hondarribia. Jon Lizarralde (Tolosa).

Ondarroa. Mikel Lasa (Tolosa) eta Eneko Zabala (Aduna).

Zarautz. Ion Jauregi (Tolosa), Xabier Ormazabal (Tolosa) eta Martin Rekondo (Larraul). 

EGUTEGIA

  • Uztailak 4. Coruña.
  • Uztailak 5. Coruña.
  • Uztailak 11. Donostia.
  • Uztailak 12. Zierbena.
  • Uztailak 18. Getxo.
  • Uztailak 19. Orio.
  • Uztailak 25. Bilbo.
  • Uztailak 26. Lekeitio.
  • Abuztuak 8. Hondarribia.
  • Abuztuak 9. Ondarroa.
  • Abuztuak 15. Zarautz.
  • Abuztuak 16. Zarautz.
  • Abuztuak 22. Santurtzi.
  • Abuztuak 23. Portugalete eta Sestao.
  • Abuztuak 29. Ares.
  • Abuztuak 30. Boiro.
  • Irailak 19. Bermeo.
  • Irailak 20. Portugalete.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!