Zer moduz doaz bizikleta ibilaldiak eskualdea ezagutzeko? Ondo ari al zarete burutzen? Bada prestakuntza guztiak beharko dituzue txango hau egiteko, eskualdeko punturik altuenetakora joatea tokatzen baita: Berastegi (406 m).
Aldapa gogorrak izango dira bidean eta hori ahaztu egiten bazaizue, zuen sufrikarioa gogoraraziko dizuten % 8ko aldapa adierazten duten seinaleak topatuko dituzue errepide bazterrean.
BERROBIRA
Tolosatik Ibarrarako paseotxoa izango dugu hasteko, lau samarra. GI-2130 errepidea jarraituz aldapa leuna izango dugu ondorengo lau kilometroetan Berrobiraino.
Txomin Garmendia bertsolariaren herrian eskola, udaletxea, San Andres eliza, San Sebastian ermita eta Urreburu frontoia ikus daitezke.
Ondoren dator etapa honetako aldaparik gogorrena: Berrobitik Elduainera. Ehun metro eskaseko desnibela gaindituko dugu bi kilometro eta erdietan, baina gogorra egiten da. Elduainen eskualdeko frontoirik zaharrenetakoa topatuko dugu, 1879koa.
Migel Soroa pilotari txapelduna bertan hasiko zen, noski, eta baita, beranduago, Zeberio anaia erremontistak ere. Manuel Santa Kruz apaiz-gerrilaria izan zen beste seme ospetsu bat. Santa Katalina parrokia, Santa Kruz baseliza eta udaletxea ere aipatzekoak dira toki esanguratsuen artean.
Elduaindik Berastegira hiru kilometro baino gehixeago ditugu eta 150 metroko desnibela, baina niri behintzat aurrekoa baina samurragoa egin zitzaidan.
Berastegi eskualdeko herri altuenetakoa dela esan dugu lehenago. Baita dotoreenetakoa ere. Lautada zabalean kokatzen da. Tourseko San Martin parrokia-eliza ere berezia du: herritik aparte, kilometro erdi batera edo, eta herriari bizkarra emanez gainera, aterpe ederrarekin. Udaletxea ere ez da nolanahikoa, jauregia dirudi.
BERASTEGI
Larreko San Lorentzo, San Sebastian eta San Anton baselizak, Jaundegi dorretxea, eskola, Ipuliño pilotalekua eta beste hainbat etxe dotore ere aurki daitezke bertan.
Jose Antonio Muñagorri politikaria, Txomin Jakakortajarena idazlea eta Jesus Altuna antropologoa bezalako pertsonaia ospetsuak eman ditu herri honek.
Behin herria bisitatuta, itzultzeko bide bera hartu behar da, baina, oraingoan errazagoa egingo zaigu, dena aldapa behera izango baita. Hori bai, kontuz ibili behar da bihurgune itxietan.
Elduain pasata, eskuinera zementuzko bidexka bat hartuta Berastegiko auzo bat bisita dezakegu: Eldua.
Aldapa leuna dago kilometro erdian, Berastegira igotzerakoan hartu dugun altuerari esker. Eliza eta plaza ikusita, beste bide batetik (hau asfaltatua) jaitsi gaitezke berriro GI-2130 errepidera, Munksjo paper-fabrikaren parera.
Handik aurrera igoerarako erabilitako bide berari jarraituko diogu: Berrobi, Ibarra eta Tolosara.