ELA sindikatuak ohartarazi duenez, "hauetan argi ikusten da jantokietako ardurara bideratutako ordu kredituetan murrizketa sistematikoa aplikatzeko asmoa duela Jaurlaritzak. Eskola-egutegiak egiteko, Bigarren Hezkuntzan lanaldi trinkoa ezartzeko eta Lehen eta Haur Hezkuntzan astean lanaldi trinkoko egun bat ezartzeko ekainaren 4an emandako ebazpenean eta pasa den astean COVID-19 dela eta, datorren ikasturterako ikastetxeetara bidalitako protokolo orokorrean ere argi ikusten da, osasuna bermatzeko hartu beharreko neurrien aitzakipean, sukalde eta jantokietako zerbitzua murrizteko hezkuntza sailaren asmoa".
LAB sindikatuak irakurketa bera egiten du: "Daukagun informazio bakarra da, eta ez Hezkuntza Sailarengandik, Hezkuntza Sailak institutuetako jangela-zerbitzua etetea erabaki duela, eta gainerako eskola-etapetan plazen %40ko murrizketa egitea".
Milaka haurren otordu nagusia jokoan
Etxe askotako pobrezia egoeraren ondorioz, ikasle askorentzat eskolako jangela da eguneko otordu nagusia. Guraso Elkarteen konfederazioa den EHIGEk eta Justicia Alimentariak 2017an egin zuten txostenean agertzen denez, EAEn ikasleen %21,4 jasotzen zuten beka. Konfinamendu garaian bai Nafarroako eta bai EAEko gobernuek familiei eman diete jangelako bekaren pareko ekarpena, elikadurarako. Nafarroako Gobernuak argitaratutako informazioaren arabera, 4.400 ikasle izan dira bekaren pareko laguntza jaso dutenak.
Herritar guztien elikadura eskubidea bermatzeko, osasuna hobetzeko eta bertako ekonomia bizkortzeko, pandemia osteko garaia aukera ona da eskoletako jantokiek bertan sukaldea izan dezaten berriz (sukaldeak kendu eta enpresa pribatu oso gutxiren oligopolioa baita geroztik nagusi azpikontratatutako zerbitzu hau), eta herriko baserritarrei erositako elikagaiak zerbitzatu ditzaten.
7.000 langilerengan eragina
Jangeletako langileen egoera ere azalera atera dute sindikatuek. ELAk emandako informazioaren arabera, "Jangela zerbitzuan Hezkuntza saileko lan kontratua duten langileak, zein azpikontratatutako enpresetako langileak dihardute, izan ere zerbitzuaren %90etik gora pribatizatuta baitago. Kolektiboaren %95 inguru emakumeak dira eta askok eta askok lanaldi partzialak dituzte. Hezkuntza Sailaren langile propioak direnen artean behin behinekotasuna %65etik gorakoa da". LABek zehaztu duenez, jantoki zerbitzua eteten bada "7.000 langile baino gehiago kaltetuak izan daitezke; sektore horretan kontratu partzialak dituzten emakumeak dira, eta gehienak azpikontratatuta daude".