«Murrizketen politika bazter uzteko» eskatu diote sindikatuek Hezkuntza Sailari

Erabiltzailearen aurpegia Igor Susaeta 2020ko ekainaren 29a

Eusko Jaurlaritzak "alde bakarreko" erabaki "murriztaileekin" jarraitzen badu, erantzuna "irmoa" izango dela nabarmendu dute ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzaren kanpoaldean, Gasteizen, eta Hezkuntza Sailari eskatu diote «murrizketen politika bazter uzteko», eta jar ditzala baliabideak hezkuntza publikoa «indartzeko». Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari «alde bakarreko» erabaki «murriztaileak» hartzea leporatu diote, eta ohartarazi diote «bide beretik» jarraitzen badu «erantzun irmo bat» artikulatzea beste erremediorik ez dutela izango.

Sindikatuen ustez, Hezkuntza Sailak negoziazio kolektiboa «mespretxatzen» du. «Langileen ordezkariekiko Hezkuntza Sailak daukan jarrera onartezina da, alde bakarreko erabakiak hartzen dituelako, eta sindikatuekin gutxieneko komunikazioa ere ez dagoelako». Sindikatuek salatu dute ikasturte hau bukatzeko eta hurrengoa hasteko Jaurlaritza hartzen ari den neurrien berri «prentsaren bidez» edukitzen dutela.

«Mespretxu» hori gertatzen ari den bitartean, kritikatu dute bost sindikatuek, Hezkuntza Saila murrizketak egiten ari da datorren ikasturtera begira: «Irale ikastaroak, Hamaika esku programa, sukaldeetan zein jangeletan lan egiten dutenen kolektiboan...». Sindikatuen ustez, COVID-19aren krisiak «erakutsi» du hezkuntza publikoa «indartzeko beharra» dagoela. «Baina argi geratzen ari da Hezkuntza Sailaren apustua ez dela hori izango».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!