Artola eta Jaka garaipenarekin itzuli dira pilotara

Ataria 2020ko ekainaren 29a

Masters Caixabank binakako txapelketa ez da nahi bezala hasi. Lehen partida, Jokin Altunarena, bertan behera geratu zen pilotalekua irristakorra zegoelako.

Eskualdeko hiru pilotari Masters Caixabank txapelketa jokatzen hasi ziren joan den astean. Lehen jaialdia Eibarren antolatu zuten, baina atzeratu beharrean izan ziren pilotalekuaren egoeragatik. Ezkurdia-Arangurenen eta Altuna-Imazen artekoa, beraz, airean geratu da.

Ostiralean, bai, pilotariek 22ra iristeko aukera izan zuten. Jaka-Albisu izan ziren sari hori lortu zutenak, Elezkano II.a eta Aretxabaleta 17an utziz. Hurrengo egunean, Bilbon, Artola-Rezustak bikote indartsua osatzen dutela erakutsi zuten, Urrutikoetxea-Irribarriaren aurka, 22-14 irabazita.

Lehen jardunaldia asteazkenean osatuko da. Irunen, Olaizola II.ak eta Zabaletak, Bengoetxea VI-Martija izango dizute aurkari. Jaialdi honetan, Tolosa anoetarrak lehen partida jokatuko du, Zabala aurrean duela, Agirre-Eskirozen aurka.

Bigarren jardunaldiko partidak eta pilotalekuak erabakita

Uztailaren 4an eta 5ean jokatuko dira bigarren jardunaldiko lau partidak. Larunbatean, Iruñako Labriten, Elezkano II-Aretxabaleta izango dituzte aurkari Jokin Altunak eta Ander Imazek.

Egun berean, Zaldibarren, Urrutikoetxea-Irribarria eta Bengoetxea VI-Martija ikusteko aukera egongo da.

Igandean, Aginagan, Jaka eta Albisu ariko dira, Ezkurdia-Arangurenen aurka. Azkenik, Iñaki Artolak Labriten jokatuko du igandean, Rezusta lagun duela, Olaziola II-Zabaletaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!