Urtero bisitatzen dituzue saltokiak banan bana. Zergatik?
Saltokiak herriaren parte dira. Merkatariak eta hornitzaileak herrien balio garrantzitsua dira eta komunitate berdinaren parte gara. Saltokietan euskara erabiltzeak edo ez erabiltzeak hizkuntzaren garapenean garrantzia handia du. Hori kontuan izanda, kanpaina puntualak egin izan dira merkataritzan, eta urte luzetan lan asko egin da herrietako saltokietan euskara indartzeko. Duela pare bat urtetik aurrera, ordea, lanketa puntualak egitea baino, etengabeko jarraipena izango duen dinamika baten alde egin genuen Galtzaundin, aldaketak egonkortzeko modu efektiboena dela sinetsita. Saltokiek herrien egunerokotasunean garrantzia handia dute, eta hor euskararen komunitatea indartu eta bisibilizatzea beharrezkoa da.
Zer-nolako harrera jaso duzue dendetan?
Oro har, oso harrera positiboa jaso dugu eta oso eskertuak gaude. Gainera, urtez urteko jarraipenari esker jarrera aktiboa hartu dute merkatariek. Izan ere, Tolosaldean salerosketa eremuan euskarak duen garrantziaren jakitun dira saltokietako langileak eta euskara balioan jartzen dute merkatariek. Badakite, bezeroek herrian kontsumitzerako garaian kontuan hartzen duten gaietako bat dela hizkuntzarena.
Non egin da aurrera, eta non dago hobetzeko premia?
Alde batetik, merkatariek euskararen indarberritze prozesuan eman dituzten pausoak asko izan dira; hizkuntza paisaiak izan duen garapena azpimarratzeko modukoa da. Hala ere, badugu non irabazi. Esaterako, euskarak salerosketarako duen balioa sendotu behar dugu.
Euskara gertutasunarekin erlazionatzen duzue.
Pertsuaditzeko, pertsonen erabakietan eragiteko, merkatarien eta bezeroaren arteko konfiantza lantzeko, eta beraz, bezeroak fidelizatzeko, gure eskualdean euskara oso garrantzitsua da. Tokiko hizkuntzaren eta tokiko merkataritzaren garapenean, elkarlanak duen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Euskaratik tokiko merkataritza bultzatzeko bide oso bat dago.
Euskaldunok zein aurrerapauso eman beharko genituzke?
Euskaldunok gune babestuak behar ditugu gure buruak ahalduntzeko, adibidez elkarrizketa elebidunak praktikan jartzeko, eta saltokiak leku aproposak dira horretarako. Gainera, jario mugatua dutenei bere eguneko zatitxo bat euskaraz egiteko guneak izan daitezke saltokiak.
Bestalde, euskararen garapenean tokiko merkataritzak duen garrantziaz jabetu behar gara eta balioan jarri behar dugu. Bide horretan bidelagun izan behar gara eta are gehiago osasun krisi honek bultzatutako ziurgabetasun egoera honetan.
Tolosaldeko egoerak gauza argi bat erakusten du: tokiko saltokietan erosten badugu, euskaraz erosteko aukera dugu.