Ibarra, Tolosa eta Villabonako saltokietan aurrez aurreko lanketa egiten dihardu Galtzaundi Euskara Taldeak azken urteetan. Hiru herri horietako ebaluazio analisietako datuen arabera, ia-ia saltoki guztietan topatu daiteke euskara ulertzen duen saltzaileren bat: saltokien %90an euskara ulertzeko gai dira. Eskualdeko biztanleen datuekin alderatuz gero, euskara ulertzen duten Tolosaldeko herritarren portzentajea (%84) baino altuagoa da saltokietan lan e·giten dutenena. Beraz, ondorio argi bat atera daiteke: Tolosaldeko kaleetan probableena aurrekoak euskara ulertzea bada, oraindik eta probableagoa da hori saltoki batera joatean.
AURRERAPAUSOAK ETA ETORKIZUNEKO AUKERAK
Urte luzetan lanketa desberdinak egin dituzte erakundeek eta euskara elkarteek Tolosaldeko merkatari eta ostalariekin. Errotuluetan, paisaia linguistikoan eta zerbitzu eskaintzan, pauso nabarmenak eman dira Tolosaldean. Gainera, herrietako saltokietako arduradunek ere geroz eta presenteago dute euskara euren balio erantsi garrantzitsua dela beren negozioetarako. Ibarrako saltokietan egindako azterketan argi geratzen da hori: Ibarrako 10 merkataritatik 7k euskara balio erantsia duela diote, eta %73,5ek erosteko garaian euskara baloratzen dela uste dute.
Saltokiek euskararen presentzia areagotzeko lanean jarraitzen duten bitartean, kontsumitzaileek ere ohiturak aldatzeko beharra nabarmendu dute Galtzaunditik. 2020an, Euskaraldiaren bigarren edizioa egingo da azaroaren 20an hasita 15 egunez, eta ariketa praktiko hori izan daiteke kontsumitzaile eta saltzaileen arteko harreman ohituretan eragiteko hizkuntzaren arloan.
Izan ere, Euskaraldiaren bueltan Ahobizi nahiz Belarriprest rolen bueltako ariketak praktikan jartzeko gune ezin aproposagoak dira saltokiak. Ulermena, jarioa edota ahalduntzea praktikatzeko plaza dira tokiko saltokiak, seguru aski lehenago hasiko baikara okinarekin pausoak ematen familiako kide batekin baino. Edizio berri honetan, norbanakoez gain, saltokiek ere parte hartu ahal izango dute. Horretarako, euskaraz lasai aritzeko gune gisa identifikatuko dira euskarazko arreta bermatzen duten saltokiak arigune kontzeptuarekin. Kanpora begirako arreta euskaraz bermatzeaz gain, barne lanketa ere egin beharko dute saltokiek Euskaraldian parte hartu nahi badute, lan eremuko hizkuntza ohituren analisia egin eta euskararen aldeko konpromisoak hartuz.