«Bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia» osatzeko deia

Irati Saizar Artola 2020ko eka. 25a, 19:57

Izan Bidea dinamikaren bidez euskal presoen egoera salatu nahi du Sare-k; Villabonan egingo dute aldarria bihar, eta igandean Lizartza, Orexa eta Gazteluren txanda izango da.

Sare-k martxan jarritako Izan Bidea egitasmoarekin bat egingo dute datozen egunetan eskualdean. Euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa, «herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz», esan dute.

Erronka bat jarri dute horretarako: Euskal Herriak duen biztanle kopuru adina kilometro egitea, 3.127.326 kilometro, zehazki.

Villabonan bihar ostirala egingo dute bat egitasmoarekin eta kilometro eta erdiko ibilbide bat prestatu dute. 20:00etan elkartuko dira Berdura plazan, eta musukoa jarrita eta bi metroko distantzia mantenduta, herritarrei dei egin diete ekimenean parte hartzeko.

GORTZURKO ZELAIA

Lizartza, Orexa eta Gazteluko herritarrek berriz, igandean izango dute egitasmoarekin bat egiteko aukera. «Presoak etxera ekartzeko» mezua zabaldu asmoz, hiru ibilbide antolatu dituzte: 11:00etan herri bakoitzetik Gortzurko zelairantz abiatuko dira, eta hiru herrietako kideak elkartzean, 12:00etan, ekitaldi bat egingo dute zelaian bertan. Irakurketa bat egin ostean, argazki bat aterako dute.

Lizartzako Sarek Izan Bidea dinamikarekin bat egiten duen bigarren aldia izango da igandekoa, izan ere, maiatzeko azken ostiraleko elkarretaratzearen harira, 100 herritar inguru elkartu ziren giza-kate moduko bat eginez herrian ibilbide bat osatzeko helburuz.

Lizartzako Sarek azaldu duenez, haien helburua ez da pertsona gutxik kilometro asko egitea, baizik eta pertsona askok kilometro gutxi egitea: «Ahalik eta adostasun gehien bilatu nahi dugu, ahalik eta herritar gehienen babesa izan, preso eta iheslarien egoera honi amaiera emateko».

Sare Herritarrak aplikazio bat prestatu du egitasmorako. Kilometroak kontatzen ditu, eta kontagailu baten bitartez, kilometro kopuru horretara heltzea da asmoa.

LEHEN BISITAK

Koronabirusa dela eta ia hiru hilabete daramatzate presoen senideek bisitak egin gabe, eta asteburu honetan izango dute lehen aukera. Inoiz baino baldintza «okerragoetan» izango direla bisita horiek azaldu du Lizartzako Sarek: «Aurrez aurrekorik ez dute izango, eta seme-alabak ikusi nahi badituzte ere kristal baten bitartez ikusi beharko dituzte».

Egoera «larria» dela salatu nahi du Sare-k, izan ere, oraindik senidek ez dakite noiz izango duten aukera tartean kristalik gabeko bisita bat egin ahal izateko. «Zentzugabekoa den espetxe politika batek are eta gordinago azaltzen du gaur egungo errealitatea, eta hori salatu nahi dugu».

Preso jarraitzen dute Aitor Agirrebarrena eta Garikoitz Etxeberria lizartzarrek, Andoni Otegi leaburuarrak eta Andoni Goikoetxea gazteluarrak. Horiek eta gainerako guztiak izango dituzte gogoan, igandean, 12:00etan, Gortzurko zelaiko ekitaldian.

Lizartzako Sarek gogoan ditu motxiladun umeak ere: «Lizartzan bertan hiru haur motxiladun ditugu, eta hiru hilabete daramatzate aita ikusi gabe, errealitate gordina da hori».

 

Erlazionatuak

'Izan bidea', Villabona

Tolosaldeko Ataria 2020 eka 25 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!