Sanjoanetatik sanpedroetara

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko eka. 25a, 11:59

Ibilbide motza da gaurkoa, baina Belauntza, Leaburu eta Gaztelu igotzeko aldapak igo behar dira derrigorrez; Leaburura zuzenean igo beharrean, Belauntzatik barrena egingo dugu bidea.

Aurreratu dugu bilduma honetako sarreran, eskualdea ezagutzeko ibilaldi leunak eta errazak egiten saiatuko garela, baina batzuetan ezinezkoa izango dela gure eskualde beraren orografiagatik. Honako hau da horren adibide bat. Ibilbide motza da, baina Belauntza, Leaburu eta Gaztelu ezagutzeko aldapak igo behar dira derrigorrez, ez dago beste aukerarik, 200-400 metro inguruko altueran daudela kontuan hartuta. Horregatik, aukeren artean, bide leunena aukeratu dugu: Leaburu zuzenean igo beharrean, Belauntzatik barrena igoko dugu. Gaztelura joateko, errepidez, aukera bakarra dago.

TOLOSATIK IBARRARA, LEHENIK

Tolosatik abiatuta Ibarrara paseotxo bat daukagu (GI-2130) eta behin Xabi Fernandez txapeldun olinpikoaren herria pasata, berehala hartuko dugu eskuinetara (GI-3211) eta hortxe hasiko dira aldapak.

Bi kilometro eskaseko igoera dugu Belauntzaraino. Herrira sar gaitezke San Joan Bataiatzailearen eliza, frontoia eta udaletxea ikustera. Beste aukera da saihesbidea hartu eta herriaren gainaldetik zuzenean Leaburura jarraitzea (GI-3212), aldapa jarraituz.

Sanjoanak ospatzen dituen herrira (aurten ez, noski) sartuz gero, saihesbidera ateratzeko aldapa motz eta gogorra dago, taberna-jatetxe eta kultur etxearen aurretik. Eta sanjoanetatik sanpedroetara. Laster iritsiko baikara Leaburura, Anjel Arrospide aizkolariaren eta Jon Irisarri txirrindulariaren herrira. Plazan udaletxea, San Pedro eliza, frontoia, Zazpi Bide elkartea eta taberna-ostatua ikus daitezke.

Azken herrira, Gaztelura, joateko aldapa gogorra jaitsi beharko da Leaburuko plazatik San Sebastian ermitara eta ondoren GI-3881 errepidetik Mahala baserriraino.

GAZTELU

Mahala baserritik aurreraxeago joanda hasten da berriro aldapa gora Gazteluraino. Sarreran udaletxea, aurreraxeago eliza eta Joan Inazio Goikoetxea Gaztelu idazlearen oroitarria eta azkenik Intxaurpe frontoia eta herriko bi elkarteak aurkituko ditugu.Errepide bakarra denez, atzera bide beretik itzuliko gara, hasieran Mahala baserriraino jaitsiera izanik, ondoren San Sebastian ermitara igoera eta azkenik jaitsiera handia eta gogorra Ibarraraino, Tolosan bukatzeko berriro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!