Euskal Herriko tontorrak musikaz blai

Ataria 2020ko ekainaren 24a

Urmuga ekimenak mendi zeharkaldiak eta musika kontzertuak uztartuko ditu.

Tolosako Migel Zeberio eta Villabonako Xabier Berasaluze Leturia musikariak, batetik, eta orain 40 urte Everesteko Tximist euskal espedizioko kide izan zen Felipe Uriarte mendizaleak, bestetik, Urmuga zeharkaldia antolatu dute uda honetarako.

Musikak eta mendizaletasunak bat egingo dute ekimen horretan, baina ez bakarrik. Kultura eta hizkuntzaren garrantzia azpimarratuko dute eta 19 eguneko zeharkaldi baten bidez egingo dute. Angulo Bortun (Salvada mendilerroa, Araba) hasiko dute ekimena uztailaren 14an eta abuztuaren 1ean Hiru Erregeen Mahaiaren gailurrean (Auñamendiak) bukatuko dute. Tartean 14 euskal musikariren emanaldiak izango dira. Musika emanaldiak mendietan eta mendien inguruko herrietan izango dira. Modu honetan herri txikiak biziberritzeko helburua ere badutela diote antolatzaileek.

MENDEBALDETIK EKIALDERA

Ur isuriagatik Euskal Herria bi aldetan banatzen duen mugari egiten dio erreferentzia Urmuga izenak. Eta beraz, mendebaldetik ekialdera, Euskal Herri osoa zeharkatuko dute. Natura mugak gainditu, eta mugarik gabe arituko dira, hala ere.

Ekimenean parte hartzeko gehienez 30 lagunentzako tokia dute eta 948 51 32 33 edo 685 75 07 63 telefono zenbakietan edo info@mendiaketaherriak.eus helbidera idatzita eman daiteke izena. 

EGITARAUA

1. etapa. Angulotik Orduña portua.

2. etapa. Orduña-Altube portua.

3. etapa. Altube-Barazar portua.

4. etapa. Barazar-Krutzeta portua.

5. etapa. Krutzeta-Arlaban.

6. etapa. Arlaban-Aumutegi-Usakoetxena.

7. etapa. Usakoetxena-Otzaurte portua.

8. etapa. Otzaurte-Lizarrusti.

9. etapa. Lizarrusti-Albiasu herria.

10. etapa. Albiasu-Orin-gaña.

11. etapa. Orin-gaña-Belate.

12. etapa. Belate-Urkiaga lepoa.

13. etapa. Urkiaga-Ibañeta.

14. etapa. Ibañeta-Errozate.

15. etapa. Errozate-Burdinkurutzeta.

16. etapa. Burdinkurutzeta-Bagargiak.

17. etapa. Bagargiak-Larraineko lepoa.

18. etapa. Larraineko lepoa-Erraize.

19. etapa. Errraize-Hiru Erregeen Mahaia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!