Ibarra herrian itzuli bat ematen denean, agerian geratzen da nekazaritzaren garrantzia. Beste hainbat herritan, etxebizitzak eraikiko zituzten erdigune horietan, baina Ibarran oraindik baratzeak ikusten dira. Herriaren bihotzean nekazaritza, eta guztiaren erdian Ibarrako piper ospetsuak.
Ibarra alderik alde zeharkatzen duen ibilbidea, Tolosako tren geltokian hasten da. Oinez edo bizikletan egiteko egokia da, laburra eta laua izaki, patxadaz hartzeko osteratxoa baita. Geltokitik, zezen plazara joango da ibiltaria, ondoren, Oria ibaira gerturatzeko.
Tolosako ibai nagusiak bi aukera eskaintzen ditu; eskuinera edo ezkerrera joatea. Zezen plazari bizkar emanez, ezkerrera egitea proposatzen da ibilbide honetan, Zubi Berrira iritsi arte. Zeharkatu eta Ibarraren gertutasuna errepideko seinaleetan ikusiko da. Kasu honetan, ordea, ez zaio jaramonik egin behar errepideari. Zubi Berria zeharkatu ondoren, eskuinera hartu behar baita, garai bateko igerilekuetara gerturatuaz. Etxe berriak eraiki zituzten bertan.
Errepidea gurutzatzeko garaia iritsi da. Eskuinera edo ezkerrera begiratu ondoren, zebrabidea zeharkatu behar da; Kondeako aldapa eskuinean utziz. Oria atzean, eta Zumardiaundia aurrean, Berastegi errekaren ondoan.
Puntu honetan beraz, bi ibairen artean aurkituko da ibiltaria. Berriro Tolosa aldera eginez gero, ibaiak nola elkartzen diren ikusiko litzateke, baina aurrera egin behar da, Ibarra helburu.
ZUBIRIK ZUBI
Tolosa eta Ibarraren arteko mugan hiru zubi daude, bata bestearen azpian. Ingurabidea, handiena, autoentzat bakarrik da; beste biak, oinezkoentzat eginak dira. Bat bera zeharkatu gabe, aurrera jarraitu behar da, Zumardiaundia zeharkatuz. Berastegi erreka ezkerrean dagoela, Ibarrako San Inazio auzora iritsiko da ibiltaria. Aurrerantzean ikusiko diren zubi guztiak ezkerrean utzi behar dira, zeharkatu gabe. Errekari eta bidegorriari jarraituz, Arane iturria eta baserria, herriko plaza eta eliza, eta Azkue auzoa pasa behar dira. Bide horretan, baratzeak han eta hemen ikusten dira, emankortasunez gainezka. Azken zubia San Josekoa izango da, aldamenean izen bereko ermita duela. Horra iristean, itzulerako bidaia hasteko garaia izango da.
Kasu horretan, herriko plazara gerturatzean, zubi zaharra zeharkatu behar da, Ibai Gain kalean gora eginaz. Ibarra zeharkatzen duen errepidea eta kalea izango dira ikusgai, Euskal Herria kalea. Tolosako noranzkoa hartu, beherantz doan malda arinean. Eskuin-ezker berriro ere soroekin egingo du topo ibiltariak. Ibarra sarrerako zubi handia urrun ikusten denean, Txumitxan, zubia zeharkatu behar da, joaneko bidearekin bat eginaz. Ibaia eskuinean, Zumardiaundiara gerturatu behar da, baina oraingoan, ibaiaren beste aldetik joan behar da.
Bariantearen azpitik, zuzen joan behar da biribilgunera. Hortik aurrera, tren geltokira itzultzeko mila aukera daude. Hala eta guztiz ere, behin inguru horietara gerturatua, Tolosako Alde Zaharrean barrena ibiltzeko aukera galtzea bekatua litzateke.
Oria ezkerrean utzita, Zumardi Txikian barrena, Nafarroako Zubira iritsi behar da, eta hori zeharkatuz, Tolosako bihotzera. Zerkausia aurrean izango du ibiltariak, larunbateko azoka egiten den eremua, alegia. Gauzak horrela, beraz, larunbatero Tolosako eta Ibarrako bihotzek bat egiten dutela esan daiteke, barazki eta baserriko produktuen azoka gorpuztuz.