Altuna III-Imaz, Artola-Rezusta eta Jaka-Albisu

Ataria 2020ko ekainaren 23a

Irribarriak atzelari bezala jokatuko du Urrutikoetxearekin bikotea osatuz. Aimar Olaizolak Zabaleta izango du atzelari. Bengoetxea VI.a txapelketan sartu dute. Hori izan da gaur aurkeztu duten udako torneoa: Caixabank Mastersa.

Aspek eta Baikok gaur eguerdian aurkeztu dute uda osoa hartuko duen esku pilota txapelketa. Berezia izango da, izan ere, bi enpresetako pilotariak nahastu egin dituzte bikoteak osatzerakoan. Horrela, Aspeko Jokin Altunak Baikoko Imaz izango du atzelari; Artolak, Rezusta eta Jakak, Albisu.

Zortzi bikoteren arteko binakako txapelketa luzea izango da, bi itzuli izango baititu; bakoitzak 7 jardunaldi. Ondoren, aurreneko lau bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira —lehena, laugarrenaren aurka ariko da, eta bigarrena, hirugarrenaren aurka—, eta bi partida horietako irabazleek finala jokatuko dute.  

Lehen jardunaldia bihar hasiko da

Jokin Altunak eta Imazek zabalduko dute txapelketa, bihar, Eibarko Astelena pilotalekuan. Ezkurdia eta Aranguren izango dituzte aurkari.

Ekainaren 26an, ostiralean, Erik Jakak Zeanurin jokatuko du, Albisu lagun duela. Aurkariak Elezkano II-Aretxabaleta izango dituzte.

Larunbatean, Iñaki Artolak Bilbon jokatuko du Rezusta atzean duela, Urrutikoetxea eta Irribarriaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!