Jolastokiak haurrak hartzeko prest

Ataria 2020ko ekainaren 23a

Hiru hilabete eta gero zabaldu dituzte herrietako jolastokiak; gaztetxoak ari dira aurtengo ikasturtea amaitzen, eta aisirako denbora gehiago izango dute.

Errealitate berrian sartzearekin batera, pixkana hasi dira neurriak arintzen. Hori bai, neurri batzuk gure artean jarraituko dute oraindik, izan ere, esaterako, maskara derrigorrezkoa izango da segurtasun distantzia mantendu ezin denetan, eta hainbat espaziotako eremuak ez ditugu %100eko edukierarekin ikusiko epe luzean.

Herrietako jolastokiak konfinamendua hasi bezain pronto itxi zituzten eta ordutik ezin izan dute gaztetxoek horietan jolastu. Orain, baina, aukera dute kulunketan edota bestelakoetan euren lagunekin jostatzeko.

Are gehiago eskertuko dute orain, aisialdirako denbora gehiago izango baitute aurrerantzean. Ikasturtea, eta bereziki azken txanpa era ezohikoan igaro da, eta egun hauetan euren ikaskideei eta irakasleei agur esan eta udako atsedenaldiaz gozatzea egokitzen zaie.

HAURRESKOLAK ZABALIK

Hiru hilabete eta gero zabaldu dituzte Haurreskolak. %60ko edukierarekin zabaldu dituzte, eta soilik lantokira joan behar duten gurasoen seme-alabentzat egongo dira zabalik, hain justu, «gurasoen kontziliazioan laguntzeko».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!