Emakumeen Foroa, osasun krisian bizitakoa konpartitzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 23a, 19:59

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Emakumeen Foroa martxan jarri du koronabirusarekin bizitakoaz eta sentitutakoaz hitz egin ahal izateko.

Albiztur, Bidania-Goiatz, Beizama eta Errezilgo emakumeek atzo izan zuten lehen hartu emana koronabirusak guztiak etxeratu ostean. Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomuniteak aurrez aurreko ekimenak martxan jartzea erabaki du, eta horrela martxoaz geroztik egin gabe zegoen Emakumeen Foroa deitu du.

Bigarren Berdintasun Plana (2019-2024) gauzatzen ari ziren buru-belarri, eta ia aurkeztear zeudela harrapatu zituen osasun krisiak. Hala ere, hilabete guzti horietan ez dira geldirik egon, eta lanean jarraitu dute. Elena Rikondo gizarte langileak atzera egin du, eta inork zer zetorren jakin gabe, «bikain» ospatu zutela martxoaren 8a gogoratu du. Belaunaldi ezberdinen arteko bilkurak izan ziren ordukoak. «Lau herrietako emakumeak Bidanian elkartzea lortu genuen», azpimarratzen du Rikondok.

2019ko urrian sortu zuten Emakumeen Foroa, eta martxorako jasoak zituzten lau herritako emakumeek esandakoak. Aurkeztekotan ziren II. Berdintasun Plana, eta atzeratu egin behar izan dute. Bihar aurkeztuko diete udal ordezkariei, emakume taldeei, parte hartu duten emakumeei eta gazteei, Bidania-Goiazko balioaniztun gelan.

KONPARTITZEKO BEHARRA

Martxoan egin zuten Emakumeen Foroaren azken saioa, eta orain ere, beharra sentitu dute. Atzo egin zuten bat, eta beste biak uztailean egingo dituzte. «Pandemia honen ondoren nola gauden aztertu nahi dugu. Emakume bakoitza nola dagoen jakin nahi dugu, eta nola bizitu dugun. Baita zein izan den gure papera ere», argitu du Rikondok.

Dinamika «oso ona» zutela kontatu du, eta orain ere, «hitz egiteko eta konpartitzeko beharra» dagoela sentitu dute. «Jendeak beharra badu, garbi ikusi dugu honi heldu behar diogula».

Gauzak aldatu direla nabarmendu du Rikondok, eta pandemia honetan «emakumea ardatz» izan dela dio: «Emakumeak egon dira leku guztietan. Zaintzen, garbitzen, saltzen, sendatzen... badaukagu hor gogoeta egiteko gaia».

Hamabi bat emakume dira elkartzen direnak, eta segurtasun neurriak bete ahal izateko Albiztur aukeratu dute hitzaldi gela handia duelako. Beharrezkoa izango da maskararekin joatea. 

BERDINTASUN PLANA

Ekainak 24, bihar

09:30. II. Berdintasun Planaren aurkezpena egingo da, BIdania Goiatzen. Maskara eramatea beharrezkoa da. Ordezkari politikoei,emakume taldeei, bertan parte hartuduten emakumeei eta gazteei zuzendua izango da.

Uztailak 6 eta 20

19:00-20:30. Emakumeen Foroa. pandemiaren inguruan tertulia egingo dute emakumeak non egon diren eta etorkizunean zer eraiki nahi duten ardatz hartuta. Albizturko udaletxeko hitzaldi gelan (2. solairua). Maskara eraman beharko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!